Lekeitio, San Antolinen atarian: uda amaierako festarako irrikan

Uda amaiera usain bereziarekin bizi da Lekeition. Herriko kaleetan gero eta nabarmenagoa da giroa, azken prestaketak, mozorroak eta kuadrilen arteko antolaketak azken ukitua hartzen ari dira-eta. Izan ere, San Antolinak ate joka daude, eta lekeitiarrentzat ez ezik, Lea-Artibai osoko eta inguruko herrietako jendearentzat ere udako hitzordu garrantzitsuenetako bat dira.
Aurten ere, jaiak irailaren 1etik 8ra bitartean luzatuko dira, eta denek markatuta dituzte bi data: kuadrilen bajada eguna (irailak 1) eta antzar eguna (irailak 5). Bi egun horiek dira San Antolinen ikur eta bihotza, eta uda amaiera ospatzeko modurik alaiena dira lekeitiarrentzat.
Kuadrilen bajadarekin piztuko da festa. Astelehenean, irailaren 1ean, emango zaio hasiera ofiziala San Antolinei. Goizean buruhandi eta erraldoiek girotuko dituzte kaleak, baina arratsaldean iritsiko da egunik desiratuenetakoa: XXXVIII. Kuadrilen bajadia. Sabino Aranatik plazaraino, kolorez jantziko dute herria ehunka gaztek eta helduk, mozorroak eta musika uztartuz.
Bajadarekin batera etorriko da une sinboliko nagusia: txupinazoa eta Anteroren jaitsiera. Aurten Oihana Garatea sareginak botako du suziria, Lekeitioko azken saregina baita. Une horretan, kanpaiak eta jendetza nahasten direnean, jaia hasita egongo da. Gauean, erromeria, kontzertuak eta suzko zezena izango dira giroa luzatzeko.
Alkondara zuriaren eguna. San Antolin eguna bera hurrengo egunean ospatuko da, irailaren 2an. Lekeitioko kaleak alkondara zuriz beteko dira, eta meza nagusia, prozesioa eta agintarien desfilea izango dira goizean. Arratsaldean, berriz, herri ekintzek eta jolas tradizionalek hartuko dute lekua: tiragoma txapelketa, txapel jaurtiketa eta bertso saioa Alaia Martin, Sustrai Colina eta Aissa Intxaustirekin.
Gauean, su artifizialek argituko dute portua, eta Puro Relajo taldearen kontzertuak alaituko du plaza.
Kuadrilen eguna eta herri bazkaria. Irailaren 3an kuadrilak izango dira berriz protagonista. Goizean XXIX. paella txapelketa egingo da plazan, eta eguerdian herri bazkaria. Egun osoan kaleak alaituko dituzte probek, txarangek eta kontzertuek, eta arratsalde-gaua tabernen eta plazaren arteko ibileran luzatuko da.
Antzar eguna, ikur eta gailur. Baina zalantzarik gabe, antzarrak jokoan jartzen diren unea da San Antolinen unerik ezagunena eta jendetsuena. Irailaren 5ean, barikuan, portura begira egongo dira begi guztiak. Goizean buruhandiak eta kalejirak izango dira, baina 16:00etan hasiko da ikuskizun nagusia: Antzar jaia.
Parte hartzaileak txandaka saiatuko dira antzarri burua kentzen, eta jendetza bilduko da beti bezala gertutik jarraitzeko ikuskizuna. Portuan irrintzi eta algarak izango dira nagusi arratsaldean, eta gero, ohitura denez, masta-puntakoa jokatuko da.
San Antolinen bihotza da antzar eguna: Lekeitioko nortasunaren ikur, mendez mende iraun duena, eta gaur egun ere, herri osoa eta hainbat bisitari batzen dituena.
Amaiera Antiguako Amaren egunean. Astebete luze iraun ostean, irailaren 8an, Antiguako Amaren egunean esango zaie agur jaiei. Txistularien kalejirekin hasita, meza eta bazkari herrikoia egingo dira, eta arratsaldean dantzak eta suzko zezena. Gauerdian, Anterok emango dio amaiera San Antolin jaiei.
Lekeitioko kaleetan dagoeneko nabaritzen da irrika. Uda amaierarekin batera, San Antolinak dira herritarren arnasa eta alaitasuna, eta aurten ere, auzolanari eta herri giroari esker, jai handi baten atarian daude lekeitiarrak.