Musikariak Palestinarekin plataformak Spotifyri boikota egiteko deia egin du

Musikariak Palestinarekin plataformak boikota iragarri dio Spotifyri. Sare sozialen bidez egindako adierazpenetan salatu dute, alde batetik, plataformaren buruak armagintzan egindako inbertsio erraldoiak eta, bestetik musikariak prekarizatzea.
«Euskal musikagintzatik ezin dugu onartu Spotifyk armagintzan egindako 700 milioi dolarreko inbertsioa, ezta urteetan musikariek jasandako prekarizazioa ere. Horregatik, gure musika plataforma honetatik kendu eta entzuleak plataforma etikoagoetara bideratzea bilatzen dugu», adierazi dute plataformako kideek.
Lea-Artibai mailan ere jaso du atxikimendua ekimenak: Dena taldeak iragarri du bere kantak Spotifytik kendu dituela. Taldeak Instagram bidez azaldu du erabakia: «Ezin gara armagintzan 700 milioi dolarreko inbertsioa egin duen plataforma batean egon, genozidio bat ikusten ari garen bitartean. Beste plataforma guztietan entzuteko aukera izango duzue gure musika. Gure pribilegioak zalantzan jarri eta erabakiak hartzeko unea da».
Boikot deialdiaren atzean dagoen arrazoietako bat Spotifyko zuzendari nagusi Daniel Ek-ek egindako inbertsioa da. 2022an, bere inbertsio funtsetik 694 milioi dolar bideratu zituen Helsing Defense enpresara. Helsing 2021ean sortu zen, eta adimen artifizial bidezko drone militarrak garatzen ditu. Gaur egun, 12.000 milioi euro inguruko balorazioa du, Europako startup pribatu garestienetako bat bihurtuta.
Plataformak salatu du, beraz, Spotifyren jarduera «musika bidez finantzatua» dela, eta boikota beharrezkoa dela: «Artea ezin da gerra industriaren logikan kokatu, eta presio kolektiborik gabe ez da aldaketarik egongo».