Irailaren 8ra arte eman daiteke izena Gerrikaitzeko bazkari herrikoian
Munitibarko Andra Mari jaien egitarauaren baitan, irailaren 13an egingo dute bazkaria Elizpean.

Munitibarreko Gerrikaitz auzoan irailaren 12tik 14ra bitartean ospatuko dituzte andramariak. Hain zuzen ere, jaietako elkargune nagusienetako bat irailaren 13ko herri bazkaria izango da, zapatuan 14:30ean elkartuko dira Elizpean. Jai batzordetik, ordea, zenbait ohar gogoratu dituzte.
Batez ere nabarmendu dute izena ematea ezinbestekoa dela. Irailaren 8a da horretarako azken eguna, 14:00ak baino lehen. Udaletxean edo liburutegian eman daiteke izena eta taldekide bakoitzak 3 euro ordaindu beharko ditu eta bere taldea arduraduna izendatu. Hain zuzen ere, arduradunak muntairako eta desmuntairako lagunak lotu beharko ditu.
Irailaren 13rako ere zenbait gogorazpen egin dituzte Jai Batzordetik. Hasteko, taldeek jaiegunean bazkaria prestatzeko deia zabaldu dute, “orain arte egon den jai giroa mantenduz”. Talde bakotzak janaria prestatzeko mahaia ea tokia hartu eta beharrezkoa bada muntairako libratu beharko du. Talde bakoitzak janaria prestatu eta gero bere lekua garbitu eta mahaia bere lekura itzuli beharko du.
Bazkaltzeko mahaien kokapenari dagokionez, zozketa bidez egingo du banaketa Jai Batzordeak. Multzo bakoitzari ogia, eskuzapia, edaria, postrea eta plater, edalontzi eta tresna berrerabilgarriak emango dizkio. Hala ere, gogoratu dute bazkal ostean talde bakoitzak horiek guztiak bueltatu beharko dituela emango zaizkien poltsetan. Bazkaltzeko kit bakoitzak 4 euroko prezioa du eta beste jai batzuetarako garbitu eta berrerabili behar dira. Bueltatzen ez diren tresnen erantzukizuna taldeak izango du. Azkenik hondakin guztiak dagokien tokira botatzea eskatu dute.