Irailaren 14an egingo dute Ispasterko XII. Mendi Martxa
Irailaren 9ra arte eman daiteke izena, baina egunean bertan aukera egongo da.

Irailagaz batera errutina dator eta hortik ateratzeko Ispasterko mendi martxa aukera ezin hobea da. Irailaren 14an egingo dute XII. aldia eta izen ematea zabalik dago irailaren 9ra arte. 14 urtera artekoek 10 euro ordaindu behar dituzte eta hortik aurrerakoek 15 euro. Hala ere, egunean bertan ere aukera egongo da parte hartzeko. Irteera eman baino 30 minutu lehenagora arte izena eman ahalko da, txikiagoek 12 euro ordainduko dituzte eta nagusiagoek 17 euro. Hori bai, azken unean izena ematen dutenek oparia jasoko dute, baina kamisetarik ez.
Ohi bezala antolatzaileek aukera desberdinak emango dizkiete parte hartzaileei. Ibilbide luzekoak izango dira irtetzen lehendabizikoak. 08:30ean aterako dira eta aurretik 21 kilometroko ibilbidea izango dute. 09:30ean BTT martxakoak aterako dira 31 kilometroak egitera. Azkenik, 10:00etan ibilbide laburrekoen txanda izango da, hauek 10,5 kilometro osatu beharko idtuzte. Denak ala denak plazatik aterako dira. Amaitzerakoan, parte hartzaileek pintxo bat eta edari bat izango dute eskumuturrekoa entregatzerakoan.
Laguntza eske
Ispasterko Udaletik Mendi Martxaren “antolaketa eta estaldura egokia” bermatzeko laguntza boluntarioa eskatu dute herritarren artean seinaleztapen, hornidura edo bestelako beharrezko lanak egiteko. Parte hartu nahi dutenek udalaren harremanetan jartzea eskatu dute irailaren 9a baino lehen, 94-684 29 99 telefonora deituz edo udaletxera joanez.