Topaleku izaten ari dira Milloiko jaiak
San Antolin jaietako ospakizunak hasi zituzten asteburuan eta gaur [irailak 2] agurtuko dituzte jaiak.

Ospakizun soinekoz jantzita igaro dute asteburua Berriatuko Milloin, eta horrela segitzen dute. Sanantolin jaiek giro ederra sortu dute herrietan, baita jendetza bildu ere, hainbat eta hainbat lagunen topaleku bihurtu baitira egunotan.
Milloin, barikuan [abuztuak 29] piztu zuten sugarra: ezkila eta txapligua izan ziren horretaz arduratu zirenak. Eta, ostean, 37 bikotek izena eman zuten mus txapelketan; denetan onenak, baina, Markel eta Herri elorriotar gazteak izan ziren, eta bigarren gelditu ziren Alex eta Alvaro Goitia. Gau partean, Obego, Slavers eta Addar igo ziren oholtzara, eta DJ Elepunto ondarrutarrak itxi zuen egitaraua, “giro ederrean”.
Domekan [abuztuak 31], herri kirolek hartu zuten goiza, Sustabizeko kirolariak egon baitziren bertan: harria jasotzen, ingudean, aizkoran eta trontzan aritu ziren. Eta, ostean, sei talde aritu ziren XXIII. triatloi berezian. Korrika, bizikletetan eta motorretan aritu ziren, eta faboritoak gailendu ziren: Xabat Muniozguren, Alain Txurruka eta Unai Egia, hurrenez hurren. Ondoren, 100 lagun inguru bildu ziren, txoko barrua zein kanpoa betez, eta bazkariaren aurretik zein ostean “primeran” moldatu ziren Uxue Alberdi eta Ane Labaka bertsolariak. Iñaki Larrañaga eta Imanol Intxaustiren erromeriarekin borobildu zuten eguna, hiru orduz jendea dantzan ibili baitzen.