Txapel jaurtiketa, karta-jokoak eta jolasak: Milloi auzoa bizi-bizirik

Gaur (irailak 2), San Antolin eguna da, eta Milloiko auzotarrak goizetik batu dira ospakizunetan auzoko egun handia ospatzeko. 12:00etan meza nagusia egin dute, San Antolinen omenez. Ondoren, 13:00etan, XX. Txapel Jaurtiketa jokatu dute, betiko umore eta giro onean.
Eguerdiko ekitaldien ostean, 14:00etan, auzotarren bazkaria izan da jai giroko hitzordu nagusietako bat. Mahaietan elkartu dira herritarrak, giro alaian eta kantaldi zein solas artean.
Arratsaldean, festak segida izango du. 18:00etan abiatuko da XXVII. Briska Txapelketa. Lau sari banatuko dituzte: irabazleek 150 euro eta zapiak jasoko dituzte; bigarrenek, 100 euro eta garaikurrak; hirugarren eta laugarren sailkatuek, berriz, 70 eta 50 euro eskuratuko dituzte, hurrenez hurren. Parte hartzeko bikote bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu.
Ondoren, 18:30ean, umeentzako jolasak egingo dira: duathloia, aulki jokoa eta soka-tira, besteak beste.
San Antolinen eguna, beraz, goizetik giro bikainean doa, eta arratsaldean ere Berriatuko herritarrak festaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dute, kirola, jolasak eta lagunarteko lehiak uztartuz.