Onintza Galdos Zankada eta Aner Goikoetxea Betanzos, Europako Junior Pilota Txapelketara
Lea Ibarra pilota elkarteko aulestiarrak eta munitibartarrak Belgikako Ath hirian lehiatuko dute bihartik [irailak 4] zapatura [irailak 6].

Euskal Selekzioak pausoak ematen jarraitzen du. Munduko Wallball Txapelketan emaitza bikainak lortu eta gero, orain Europako Junior Pilota Txapelketan parte hartuko du. Bertan izango dira, Lea Ibarra pilota elkarteko Onintza Galdos Zankada aulestiarra eta Aner Goikoetxea Betanzos munitibartarra. Bihar [irailak 4] hasi eta zapatura arte [irailak 6] lehiatuko dute Belgikako Ath hirian.
Txapelketan antolatzen den laugarren aldia da eta Euskal Selekzioak Italia, Belgika, Herbehereak, Frantzia eta Valentziaren aurka lehiatuko du. Hiru espezialitatetan lehiatuko dute: Wall Ball, Llargues eta Joko Internazionala. Wall Ball espezialitatean 15, 17 eta 19 urte azpiko mailetan jokatuko dute, eta Llargues eta Joko Internazionala maila bakarrean jokatuko dira: mutiletan 5×5 eta nesketan 4×4.
Wall Ball hormaren aurka jokatzen den joko ez zuzena da, binaka edo bakarka. Partidak bi setetara jokatzen dira, 21 tantotara; berdinketa egonez gero, hirugarren seta 11 tantotara. Gomazko pilota batekin jokatzen dute. Llargues eta Joko Internazionala joko zuzena duten modalitateak dira, gure Bote Luzea bezala. Puntuaketa 15-30-40 eta jokoa da, eta partidako irabazleak sei joko irabazi behar ditu. Joko zelaia eta pilota aldatzen dira modalitatearen arabera.