V. MusEkintza jaialdirako “programazio anitza” aurkeztu dute
Lea-Artibai eskualdeko zenbait artistek parte hartuko dute irailaren 20 aurretik aurrera antolatutako ekintzetan.

Leixuri Arrizabala Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Marta Urcelay jaialdiaren koordinatzaileak aurkeztu dute gaur [irailak 3] V. MusEkintza. Artea eta ondarea uztartzen dituen kultura proiektua da, hilaren 20an hasiko da eta 2026ko ekainera arte luzatuko da. Hamabi ekintza osatu dituzte eta programazioa “anitza” dela nabarmendu dute.
Antolatzaileek nabarmendu dute MusEkintza aukera paregabea dela “gure kultura ondarea beste ikuspegi batetik ezagutzeko, mota guztietako publikoaren eskura egongo diren esperientzia artistiko berritzaile eta emozionalen bidez”. Era berean, azpimarratu duten moduan, “garrantzitsua da tokiko talentua, eta diziplina artistikoen eta ondare historikoaren arteko elkarrizketa sustatzen jarraitzea”.
MusEkintzak “murgiltze esperientzia artistikoa” proposatzen duela diote lurraldeko leku enblematikoetan, hala nola, Kortezubiko Santimamiñen, Bermeoko Arrantzaleen Museoan edota Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. “MusEkintzak museoak eta enklabe historikoak ezohiko agertoki harrigarri bihurtzen ditu”.
Egitaraua irailaren 20an hasiko dute Kortezubiko Santimamiñeko koban, Hortzmuga Teatroaren Gozamenen Lorategia izeneko El Boscoren obran inspiratutako gaueko ikuskizunagaz. Hilaren 27an, Julen Axpe komikoaren Furgonologoa umore ikuskizuna antolatu dute Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkean. Urriaren 4an Billie Holidayri buruzko musika narrazioa eskainiko dute Bermeoko Arrantzaleen Museoan. 2026an sarturik, urtarrilaren 24an Aralar Quartet hari laukotea ariko da Euskal Herria Museoan. Azkenik, maiatzaren 23an Patxo Telleriaren Ai Gure Juaneteak! Ikuskizuna emango dute Bermeon.
Beste zenbait “puntu nabarmengarri” izango dira magia-ikuskizun bat Muskizko El Pobaleko Burdinolan, Jon Zabal, Lur Aranburu, Gonzalo Albiñata eta Imanol Ituiñorekin (2026ko martxoak 28) edota Ez da kasualitatea bertso-saio feminista Muskizko Muñatones Gazteluan (2026ko maiatzak 9). Jaialdia 2026ko ekainaren 6an iritsiko da Bilboko Arkeologia Museora, dantza garaikideko arratsalde batekin, Garazi Etxabururen eta Osa+Mujika konpainiaren eskutik. Espazio horretan bertan itxiko da MusEkintzaren edizio hau, Mikel Santiagoren Whodunnit? misterio-ikuskizunarekin (2026ko ekainak 20). “Bertan, publikoak krimen bat ebatzi beharko du esperientzia interaktibo batean”.
Jaialdiko jarduera guztiak doakoak dira, baina gehienetarako izena eman behar da, eta jaialdiaren webgune ofizialaren bidez egin daiteke.