Zerbait izatekotan, Kantauri itsasoa krudela da sarri: basatia, harroa eta bidegabea. Baina batzuetan badu gupidarik, eta olatu artetik azaltzen dira ametsak. 1999. urtean lehiatu zuen Isuntzak azkenengoz Kontxako Bandera, eta, 26 urteren ostean, arraunaren agertoki gorenera bueltatuko da aurten. Gaur [irailak 4] lehiatu dute 130. ekitaldiaren gizonezkoen sailkapen estropada; Bermeo-Urdaibaiaren Bou Bizkaia-k bere legea ezarri du, eta Lekittarra-k, ostera, mugarria lortu.
Itsas baldintza latzak, ia-ia muturrekoak, plazaratu ditu Kontxako badiak. Adituek arraunean aritzeko “urteko egunik gaitzenetakoa” izan dela aurreratu dute, eta halaxe izan da. Hiru miliako erlojupeko saioa luze egin zaie askori, eta, habitat horretan, lekeitiar eskifaia nahieran ibili da. Badiatik lehen ziabogara arteko tartean sufritzea egokitu zaie, baina itzulerako luzean beren indargune oro zukutu dute, gogoratzeko moduko sailkapena poltsikoratzeko balio izan diena.
Ondarroak gogor eutsi die erreferentziei lehen ziabogan, baina poparean ihes egin die erlojuak
Lehen ziaboga horrtan, hain zuzen, Bou Bizkaia-k faboritoen artean borrokarako prest dagoela frogatu du, 11.25eko denbora aparta eginez. Bermeotarren mailak ez zuen behera egin itzulerako lanetan ere; 21.01,56an gelditu dute erlojua, helmugaratzean. Lekeitiarra-k, berriz, nekez ahaztuko zaien 21.29,54ko denboran biribildu dituzte lanak.

‘Antiguako Ama’, Kontxako sailkapen estropadan.Iñaki Beitia
Antiguako Ama-ren lantaldeari, ostera, txanponaren ifrentzua dastatzea tokatu zaio. Ondarroa sailkapenetik kanpo geratzen lehenengo taldea izan da, lekeitiarren ostean. Ondarrutarrek mailari eutsi diote lehen luzearen hondarrean, 11.55ko denboragaz lekeitiarren langari segundo bigaz oratuz, baina poparea eginbeharrak aldapa gora ipini zaie. Helmugan, 21.42, 37ko denbora lortu dute.
Ondarroako kideek estropadan bizitako “momentu on eta txarrak” nabarmendu dituzte. Xanet Gimeno gazteak bueltako luzean haizeak edukitako zeresana azpimarratu du: “Bueltan oso ondo hasi gara, baina gero haizea sartzen hasi da eta ez dugu sentsaziorik onenak izan”. Hala ere, beraiek kale egin baino, lekeitiarrek lan ona egin dutela azaldu du: “Isuntza eta San Juan gu baino gehiago izan dira, eta haiek zoriontzea baino ez zaigu geratzen; hurrengo urtean izan beharko da”.
Olatuak beste malko
Azken traineruak helmuga harrapatu arte itxaron du Lekittarra-k, lorpen handia ospatzeko; ordura arte, urduritasuna izan da nagusi ontzi barruan, KAE1 mailako Santurtzik eta Chapelak ametsa zapuztuko ote. Ez da hala izan. Iñaki Goikoetxea Sagua lekeitiar patroiak eta Osertz Aldai arraunlari eta entrenatzaileak anpuluei eutsi ezinik dastatu dute sailkapena. Erreferentziak alde edukita ere, “azken unera arte” ez dute helburua betetzat jo.
Osertz Aldai: “Sagua moduko patroi batek aldeak egiten ditu tankerako egoeretan, eta hegan ekarri gaitu poparean”
Goikoetxeak argitu du azken urteetan “jo eta su lanean” ibili arren, ia mende laurdena behar izan dutela “helburu handia lortzeko”. Aldaik itzulerako luzea nabarmendu du: “Bagenekien itsas baldintzak alde genituela. Gainera, Sagua moduko patroi batek aldeak egiten ditu tankerako egoeretan, eta hegan ekarri gaitu poparean”. Beraz, Leketioko San Antolin jaiak ezin izango dituzte ospatu, baina “berdin dio”: “Jairik handiena Kontxan egotea da; taldeak duen eskifaiagaz eta gaurkoa moduko gidaritzagaz, gauza handiak egin ditzakegula frogatu dugu”.
Iñaki Goikoetxea ‘Tabero’: “Emaitzak jendeari ezustean harrapatu badu ere, guk ez dugu sorpresaz hartu; jakin badakigu zelako maila dugun”
Beste lekeitiar batek, Bermeo-Urdaibaiko Iñaki Goikoetxea Tabero-k, “poz bikoitza” eroan du Donostian: batetik, bere klubaren sailkapenari dagokiona; bestetik, herrikideen sailkapenagatik sortua. Bermeotar taldearen “aldaketa askoko urte gorabeheratsuaz” mintzatu da Tabero: “Emaitzak jendeari ezustean harrapatu badu ere, guk ez dugu sorpresaz hartu; jakin badakigu zelako maila dugun”. Maila horren atezuan ibili dira ligako hitzorduetan, eta gaurkoan ailegatu zaie ordainsaria. Hori bai, “beste martxa edo puntutxo bat” badute oraindik eskaintzeko.
Estropada haizetsua izanik, beroketa “nahikoa korapilatsua” izan dela onartu du Bermeoko arraunlariak: “Beroketa ez da batere erraza izan: geure artean gorabeheraren bat edo beste izan dugu, baina estropadan atera garenean haizea jaitsi egin da, eta gustura aritu gara. Dena dela, gerriko minez ailegatu gara. Hala ere, oso pozik gaude lortutako emaitzagaz”.
Kaleen zozketa
Sailkapen estropada amaitu ostean egin dute kaleen zozketa. Lehenengo txandan Bermeo, Orio, Getaria eta Zierbena aterako dira, eta bigarren txandan ariko dira Donostiarra, Lekittarra, San juan eta Hondarribia.