Eguzkik Urari galdetu dio Mijoako saneamendu sarea noizko egiteko asmoa duen
Eguzkik alegazioa aurkeztu du Urari galdetzeko ea Mijoako saneamendua noizko egingo duten. Izan ere, errekara egiten diren isurketa kutsakorrak legeztatzeko izapideak egiten ari da Ura, "hamabost urte geroago saneamendu sareak egin gabe jarraitzen duelako".
Mijoa errekara egiten diren isurketa kutsakorrak legeztatzeko izapideak egiten ari da Ura Agentzia, Eguzkik jakinarazi duenez, eta hori Mijoa errekako saneamendu sareak egin gabe jarraitzen duelako dela dio. Hala, Eguzkik alegazioak aurkeztu ditu, eta Mijoako saneamendua noizko egiteko asmoa duen galdetu dio Urari: “Mijoara egiten diren isurketa kutsatzaileak legeztatzeko izapideak egiten ari da Ura, Saturrarango hondartza ondoan itsasoratzen den erreka honen saneamendu sareak hamanbost urte geroago egin gabe jarraitzen duela ikusita. Izan ere, Urak berak egin behar zuen sarea, baina ez du egin urte hauetan guztietan. Noizko Mijoako saneamendua?”.
Hain zuzen ere, Eguzkik zehaztu du Saturrarango gasolindegiko “isurketak izapidetzen” ari dela Ura, eta espedientea jendarurrean ipini duela; espediente horrek agerian uzten du gasolindegia ez ezik, arro osoa ere egoera irregularrean dagoela. Izan ere, gasolindegiko enpresak barruko saneamendua hobetzeko obrak egin ondoren, isurketak erregularitzatzeko eskatu du: “Isurketa kutsakorrak dira, ze, hidrokarburoekin nahastutako euri urak, komuneko ura eta ibilgailuen garbitegietako urak isurtzen dituzte”. Horiek, logikaz eta legez araztegi batera eraman beharko lirateke, baina Urak boletinean argitaratu duen iragarkian bertan irakur daitekeenez, isurketa hori “justifikatuta” dago gaur egun eremu horretan saneamendurik ez dagoelako.
Gaur egun eremu horretan dagoen saneamendua Mijoako saneamendua da, hamabost urteko “atzerapena” daukana. Eguzkin autortu dute “ez dakitela oso ondo nola interpretatu” Saturrarango gasolindegiko isurketak baimentzeari buruzko iragarkia. Ze, gogoratu dute joan den otsailean Jose Maria Sanz de Galdeanok —Urako Plangintza eta Obren zuzendariak— aitortu zuela Mijoa “aspalditik gainditu gabeko irakasgaia” dela aurentzako, baina hori gainditzeko “oso gogor” ari direla lanean. “Gauzak horrela, zer esan nahi du gasolindegiko isurketak baimentzeak? Nahiz eta oso gogor lanean ari diren, Mijoako saneamendua epe laburrean gauzatzeko aukera hain da urruna, ezen isurketa horiek baimentzea den horiek erregularizatzeko modu bakarra?”, galdetu dute Eguzkiko kideek.
Baina ez da mahaigainean jarri duten galdera bakarra: “Izan ere, irizpide hori bera ezarriko al die isurketak errekara modu irregularrean egiten dituzten jarduera guztiei? Batzuei bai baina beste batzuei ez? Ze Saturrarango hondartzako kantina eta zerbitzuak iaztik daude itxira, Uraren aginduaz”. Gaionera, jarduera berriak planteatuz gero nola jardungo duten ere galdetu dio Urari Eguzkik.
Kronologia.
Horren guztiaren ondorioz, Mijoako saneamendua noiz egiteko asmoa duten galdera egin du Eguzkik. Eta saneamendu proiektuaren kronologia egin du. Izan ere, gogorarazi dute, 2007an, herri erakundeek sinatu zutela Gipuzkoan 2011ra bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat —2007-2011 esparru akordioa—, eta lan haietako bat zela Mijoako sanemandua zen; hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak inbertsioaren %75 bere gain hartzeko konpromisoa hartu zuen. “Ez zuen bete; beraz, 2011a iritsi zen eta lana egin gabe geratu zen”.
2016an, baina, Plan Hidrologikoak Mijoako saneamendua berriro programatu zuela diote, orduan 2016-2021 aldirako. Ez zen egin, eta 2019an, otsailean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak eta arloko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok esparru akordio berri bat iragarri zuten. Euren berbetan, “asmo handiko” plana aurreikusten zuten, 61 milioi euroko inbertsioa, Gipuzkoako saneamendu sarea “osatzeko”. “Akordioak bi alditan banatzen zituen obrak: 2018-2021 eta 2021-2027. Mijoakoa lehen aldirako aurreikusita zuten, eta Jaurlaritzak inbertsioaren %100 bere gain hartu zuen. Baina orduan agindutakoa ere ez zen bete”, gehitu dute Eguzkikoek.
Hala, 2021ean saneamenduak egiteke jarraitzen zuen, baina Urak proiektua idazteko lizitazioa iragarri zuen, eta proiektua idazteko 50.000 euroko aurrekontua eta lau hilabeteko epea zehaztu zituen.”Baina orduan ere aurreikuspenak/promesak ez ziren bete. Eta horrela ailegatu gara 2025era”.