Markinan bilduko da Diaspora, puntisten omenez

Astelehena (irailak 8) izango da aurten Euskal Diasporaren Eguna, eta Markina-Xemeingo frontoia izango du ardatz nagusi. Gaur goizean aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatutako egitaraua: puntistak eta haien familiak omenduko dituzte, zesta puntak Euskadiren izena mundu osoko pilotalekuetara eraman baitu.
Aurten, bereziki, zesta punta komunitateari egingo diote aitortza. Kirol horrek 150 urte bete ditu profesionaltasunera egin zuen lehen urrats hartatik, Argentinan, Eibarko Txikito pilotariaren ekimenez jokatutako partidu hartatik. Ordutik aurrera bost kontinenteetako lautan aritu dira puntistak, eta Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du “kirol arrasto handia uzteaz gain, Euskadiren diplomatiko eta enbaxadore izan direla ibili diren toki guztietan”.
Ziortza Olano Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak gogorarazi duenez, gaur egun ere badira pilotari eta familia ugari Euskal Herritik kanpo bizi direnak: «Mexikon, Estatu Batuetan, Italian, Filipinetan edo Macaon jarraitzen dute Euskadiren ordezkari izaten, ekimen berriak sortzen eta sareak ehuntzen».
Markina-Xemeingo frontoia —‘Zesta Puntaren Unibertsitatea’ deitua— ez da kasualitatez aukeratu omenduak jasotzeko. Iraganean puntista handien eskola izan da, eta gaur egun ere elkargune eta sinbolo da mundu osoko zaleentzat. Ekitaldian lehendakaria izango da, baita Saint Pierre eta Mikeluneko (Ternua) dantza taldea ere, euskal komunitate bizia duen uharte horretatik etorria.
Kultur ekitaldiek eta mural batek lagunduko dute egun berezia, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, zesta puntarekin lotutako ordezkaritza zabala espero dute, pilotari, familia eta euskal etxeetako kideak tartean.