Eguraldia ez dute lagun izan Andra Mari Egunean
Markina-Xemeingo Erdotza auzoan Zerutxuk emanaldia bertan behera utzi du. Gizaburuagan, txapel jaurtiketa txapelketa frontoian egin behar izan dute.

Andra Mari Egunean eguraldiak ez du inondik inora lagundu. Asteburuan eguzkia eta beroa protagonista izan badira ere, gaur [irailak 8] euria izan da nagusi. Markina-Xemeingo Erdotzan ohikoa den Zerutxu Dantza Taldearen emanaldia bertan behera utzi behar izan dute eta meza besterik ez dute egin.
Gizaburuagan ere aldaketak egin behar izan dituzte. Herriko eta inguruko trikitilari eta pandero joleek eguerdia alaitu dute, baina tabernetako barrualdean jo behar izan dute. Ez zegoen eguraldia nork alaituko zuenik. Euriagatik ere txapel jaurtiketa lekuz aldatu behar izan dute, eta azkenean frontoian elkartu dira herritarrak. Asko izan dira izena eman dutenak eta eguraldiari aurre eginez, giro ezin hobean elkartu dira. Arandok irabazi du txapelketa, bigarren Unai Artetxe izan da, hirugarren Miren Lurdes Leniz eta laugarren Juanjo Ibarra.
Andra Mari Egunean baino, bihar [irailak 9] Oibarren amaituko dituzte jaiak gizaburuarrek. Meza egingo dute bertan, eta 18:00etan Zirika Zirkus zirko tailerra egingo dute txokolateagaz jaiak amaitutzat eman aurretik. Â
Kirolagaz hasi dituzte
Hain zuzen ere, Gizaburuagako andramariak atzo [irailak 7] hasi zituzten. Tino lasterketan goi mailako parte hartzea izan zuten, Mikel Arrasate Amandarriko triatleta eta Mikel Dolaraga elkarrekin sartu ziren helmugan. Lehen neska herriko Ane Uriondo izan eta eta Gizaburuagko lehen gizona Aimar Okamika izan zen. Bitartean, zesta punta partidak jokatu zituzten txikienek eta amaitzeko Maialen Aldazabal eta Elaia Gojenola berriatuarrak nor baino nor gehiago aritu ziren bakarka.