Antzinako musika izango da protagonista datozen bi asteburuetan
Irailaren 13, 14, 20 eta 21ean Ziortzako Kontzertuak musika zikloaren 37. aldia ospatuko dute Ziortzako Kolegiatan. Asteburu honetan hiru kontzertu egongo dira, eta hurrengoan, beste hiru; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako organorik zaharrena entzuteko aukera egongo da.
Musikaz beteriko egunak datoz Ziortzako kolegiatara. Datozen bi asteburuetan Ziortzako Kontzertuak musika zikloaren 37. aldia ospatuko dute bertan, eta antzinako musikan espezializatutako talde eta bakarlariez gozatzeko aukera egongo da.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako organorik zaharrena da Ziortzako kolegiatakoa, eta hura martxan ipiniko duten musikariak goren-goreneko mailakoak izango dira. 1686ko Joseph de Etxebarria maisuak egindako organotik XVI, XVII eta XVIII. mendeko doinuak entzungo dira, “errepertorio erlijioso eta profanoaz” gozatzeko.
Zapatuan [irailak 13] Le Concert de l’Hostel Dieu kontzertua emakume konpositoreei dedikatutakoa izango da osorik. XVII. mendeko italiar eta XVIII. mendeko frantses konpositoreen lanak ekarriko ditu Franck Emanuel Comte zuzendariak, eta musikarien lana Heather Newhouse sopranoaren ahotsak biribilduko du. Besteren artean, Barbara Strozzi, Elisabeth Claude Jacquet de la Guerre eta Mademoiselle Duvalen lanak eskainiko dituzte: “Taldeak errepertorioaren originaltasuna eta espezifikotasuna defendatzen ditu, eta partitura argitaragabeen hainbat interpretazio egin ditu”.
Domeka [irailak 14] eguerdian Brett Leighton organo joltzaile australiarra igoko da oholtzara. Hasburg VS. Bourbon izenagaz, errepertorio zabala eskainiko du Leightonek: “Bere errepertorioa eta nagusitasuna organoko lehen taulaturetatik gure garaiko musikaraino hedatzen dira. Teklatu historikoko instrumentuak jotzen aditua da, eta kontzertu jarduera erregularra du organista, klabezinista eta kontinuista gisa Europa osoan, baita Australian, Japonian eta Estatu Batuetan ere”.
Leightonen erreleboa domeka arratsaldean Accademia del Piacere taldeak hartuko du. Bikote espainiar baten txanda izango da: Nuria Rial sopranoak eta Fahmi Alqhai zuzendariak “musika historikoaren funtsezko errepertorioen ñabardura berriak” erakutsiko dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, zuzendariaren “nortasun artistiko sendoak eta musikaren ikuspegi bitalistak” markatzen dute taldearen berezitasuna.
Bigarren asteburuari ia-ia etxekoa den taldeak emango dio hasiera, Propitia Sydera Bilbao orkestra barrokoak, hain zuzen ere. Pierre Hantai klabezin eta orkesta zuzendariaren gidaritzapean Construyendo el Clasicismo izeneko programa eskainiko dute musikariek irailaren 20an: “Nazioarteko talde barroko onenekin jotzen dute musikariek, eta 2018tik Ziortza-Zenarruzako Jaialdiko orkestra egoiliarra da, Bizkaian”. Besteren artean, Telemann, Bach, Rameau eta Mozart moduko musikariek lanak eskainiko dituzte.
Kontzertu zikloaren azken egunean, irailaren 21ean, Oscar Candendo Zabala organo jotzaileak martxan ipiniko du Etxebarriaren organoa. Donostiako Artzain Onaren katedraleko organo jotzailea da Candendo, eta XVI. eta XVIII. mendeetako abestiak interpretatuko ditu, besteak beste, Purcell, Blow, Muffat, Buxtehude nahiz Bach artistenak; Europako barrokoa ekarriko du oholtzara.
Jaialdiari amaiera Al Ayre Español taldeak emango dio. 1988an sortu zuen taldea Eduardo Lopez Banzok, eta ordutik, Europako jaialdi eta antzoki garrantzitsuenetan aritu da musika barrokoaren inguruko topikoei aurre egiteko asmoz: “Euren espiritua klixe horiei zehaztasunez aurre egitea izan da beti, interpretazioan bikaintasunez arituz eta iraganeko musikei bizitza berria emateko asmoz, eta horrela, publiko garaikideari eskainiz”.
Garraioa. Kontzertuetarako sarrera doan izango da, eta ez da erreserbarik egin behar. Ziortzako Kolegiatara heltzeko garraio zerbitzua ere ipini dute antolatzaileek. Ziortza-Bolibarko herrigunetik kolegiatara igotzeko 17:00etatik aurrera doako lanzadera zerbitzua egongo da martxan, eta ez da erreserbarik egin behar. Era berean, Bilbotik Ziortzako kolegiatara heltzeko ere, autobusa egongo da; erreserbatu egin behar da tokia ziortzakokontzertuak.eus web orrian.