Mutriku ST, munduko onenen arteko lehian
Mutriku Sokatira Taldeak Munduko Sokatira Txapelketa lehiatu berri du. Maila "polita" erakutsi dute jokatu dituzten mailetan. Mutrikuarrek, gainera, Euskal Selekzioa ere ordezkatu dute.

Mutriku Sokatira Taldeak Munduko Sokatira Txapelketa jokatu zuen iragan astean, Nottinghamen (Ingalaterra), munduko sokatira selekziorik boteretsuen aurka parez pare arituz. Eguenean [irailak 4], barikuan [irailak 5] eta zapatuan [irailak 6] eduki zituzten lehiaketa hitzorduak mutrikuarrek, baina txapelketa bera “lehenago” abiatu zuten. Izan ere, hilaren 2an tiraldietarako pisaketak egin zituzten, eta azkenean “uste baino errazago” lortu zuten zegokien pisu tarteetan sartzea: “Astebete arinago, tokatzen zitzaigun pisua baino hamar kilo inguru gehiago zituen taldeak; berez, larritasun berezirik eduki ez izan arren, adi ibili behar izan genuen”.
Mutriku STk hainbat kategoriatan parte hartu du aurtengo Munduko Sokatira Txapelketan. Eguen arratsaldean, gizonezkoen 680 kiloko eta emakumezkoen 500 kiloko lehiei heldu zieten. Horietako lehendabizikoa “bereziki gaitza” izan zen: “Txapelketan urrezko domina lortu zuen taldea, Lincoln Tug Of War Club, geure multzoan aritu zen; batez besteko maila egundokoa izan zen”. Maila hori beraientzat “deserosoenetako bat” zela ere argitu dute: “Euskal taldeok, normalean, ez gara pisu horretara iristen; atzerriko taldeen kasuan ohikoagoa da. Adibidez, ingelesak edota herbeheretarrak, pisu horretan nahieran ibiltzen dira, lurraz gain pisu horren potentziak zeresan handia baitu”. Mutrikuarrek, pisuz beherago arituagatik ere, mailari eutsi zieten, eta “uste baino dezente hobeto” ibili ziren: “Tiraldi onak egin genituen eta, kontrako baldintzetan, gozatzea lortu genuen”.
Emakumezkoen 500 kiloko probarako, Gaztedi taldearekin bat egin zuen Mutriku STk: “Egueneko 500eko lehian Gaztediren izenean lehiatu genuen, eta hurrengo eguneko 540koan, ostera, Mutrikuren izenean. Polita izan zen talde bien arteko elkarkidetza”. 500ekoan, “beldur apur batekin” lehiatu zutela argitu dute: “Kideetako batzuekin sekula elkarrekin lehiatu gabe egoteak urduritasuna sortu zuen, baina azkenean bikain konpondu ziren, eta emaitza polita lortu zuten tiratzaileek”.

Argazkia: Mutriku Sokatira Taldea.
Bariku goizean, kategoria mistoko lehia gorenari, 580 kilokoari, heldu zioten. Hasiera batean, mutrikuarrak maila haren pisuan sartu ahal izango ziren zalantzati ibili ziren, baina azkenean, 573 kiloko pisuarekin, malgutasunez lortu zuten. Zazpi taldeko multzoan bosgarrenak izan arren, emaitza hori “oso positibotzat” jo dute: “Kategoria mistoa lehiatzen duten klubetako hainbatek maila horretan bakarrik oinarritzen dituzte beren indarrak, eta guk, aldiz, beste batzuetan ere bai; beraz, pozarren gaude lortutakoaz”. Arratsaldean, gizonezkoen 640ko eta emakumezkoen 540 kiloko tiraldiak ere egin zituzten. 640koan txapelketaren mailari “eustea” lortu zuten: “Ez genuen tiraldirik irabazi, baina den-denetan arerioak trabetan jarri genituen, maila handia erakutsiz”. 540 kilokoari dagokionez, hiru tiraldi irabazi zituzten: “Emaitza ona da, maila handikoa”.
Euskal Selekzioa ordezkatuz.
Mutrikuarrek, Mutriku STren nahiz Gaztediren izenean lehiatzeaz gain, Euskal Selekzioaren koloreak ere defendatu zituzten. Zapatuan, 680 kiloko kategorian parte hartu zuten, “munduko onenen kontra“: “Selekzio indartsuenen kontrako lehian, geure lantaldea apur bat murritz geratu zen; izan ere, nazioarteko taldeek tiraketa hori modu oso espezifikoan eta hautatze bidez prestatzen dute hitzordu hori, eta guretzat, ordea, lehiatu ditugun denetariko kategorietako beste bat da”.
Edozelan ere, “ohore handia” izan da selekzioaren elastikoa defendatzea, Suitza, Belgika, Herbehereak edota sokatiraren nazioarteko mapan “gora eta gora” egiten ari den Italiaren aurka. Gainera, beste pisu edota kategoria batzuetan emaitza oso esanguratsuak erdietsi ditu Euskal Selekzioak: gizonezkoen 600 kilokoan garaipen handia lortu dute; gizonezkoen 500 kilokoan, zilarrezkoa; 23 urtez azpiko lehia mistoan, brontzezkoa.