Euskal Kostaldeko Geoparkea Munduko Geoparkeen Nazioarteko Batzarrean parte hartzen ari da
Euskal Kostaldeko Geoparkeko bi ordezkari Unescoren Munduko Geoparkeen XI. Nazioarteko Batzarrean parte hartzen ari dira, Txilen.

Irailaren 8an [astelehena] abiatu zen Unescoren Munduko Geoparkeen Nazioarteko XI. Batzarra, eta irailaren 12ra [barikua] luzatuko da, Txileko Araucania eskualdeko Temuco hirian. Ekimenean parte hartu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak; izan ere, bertan egon dira bi ordezkari: Leire Barriuso gerentea eta Asier Hilario zuzendari zientifikoa.
Antzinako ezagutzatik etorkizuneko Geoparkeetarantz. Teknologiak eta Berrikuntza Digitala garapen iraunkorrerako izenburupean abiatu da konferentzia, eta bertan egon dira mundu osoko 50 herrialdetako mila aditu inguru, “geoparkeen etorkizunaz eta ikerketa geologikoaren, garapen iraunkorraren eta turismoaren berrikuntzaz eztabaidatzeko”.
Euskal Kostaldeko gerentea den Barriusok bi ponentzia aurkeztuko ditu jendaurrean egunotan. Batetik, Munduko Geoparkeen Espainiako Sarea: 18 lurraldeko aliantza ponentzia aurkeztuko du, eta bestetik, Garapen Iraunkorrerako 18. helburua: Ahots batuak, kultura eta hizkuntza aniztasuna babesteko aliantza globala. “Oso garrantzitsua da honelako foro batean parte hartzea, bai Geoparkea eta bere jarduna munduari aurkezteko erakusleiho aparta delako, baita gainerako lurraldeen berri lehen eskutik izaten dugulako ere”, adierazi du Barriusok.
Konferentziaz gain, irailaren 5ean eta 6an Unescoren Munduko Geoparkeen kontseiluaren hamargarren bilkura ospatu zuten. Mundu osoko 12 adituk osatutako kontseilua da honakoa, eta Asier Hilariok ere bertan parte hartu zuen, IUGS-en (International Union of Geological Sciences) ordezkari gisa. “Kontseiluko bilera luzea eta oso interesgarria izan da. Mundu guztiko 61 geoparkeen egoera aztertu dugu. Bilera hauetan eraikitzen dira Unesco geoparkeen programaren oinarri nagusiak. Ohore bat da Euskal Kostaldeko Geoparkea bertan ordezkatzea”.
Kütralkurak, Txileko geoparkea. Txilen dagoen geoparke bakarra da Kütralkuak, 12.000 kilometro karratuko eremua hartzen duena. Egun hauetan, bertan ari dira bilkura eta bilerak aurrera eramaten, eta horrez gain, 229 geoparkeetako ordezkariak beren jarduera eta ekimenak erakusten dabiltza artisautza, tokiko produktuak eta turismo arlokoa batzen dituen azokan. Hala, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ere azokan parte hartuko du.