Final handirako aktoreen bila
Hondarribiko Grand Slamaren finalaurrekoak jokatuko dituzte barikuan [irailak 12]. Jokin Arbek eta Ortzi Aldazabal 'Argoitia'-k Bixente Gonzalez eta Gorka Mugartegi 'Atain' izango dituzte aurrez aurre; Alex Hormaetxeak eta Ruben Bailok, berriz, Erik Mendizabal eta Oier Kanpandegi.
Jostaldi pilotalekua Hondarribiko Grand Slamaren finalisten zain dago. Partidu gogorrez eta lehia estuz jositako ligaxkaren ostean, finalaurrekoen txanda iritsi da, eta bariku honetan [irailak 12] jokatuko dituzte, 20:00retan hasita. Iazko garaileetako bat eta lehiaketan dauden puntistetatik eskarmentuz sobera jantzita dagoenetako bat, Jokin Arbe markina-xemeindarra, azterketa esanguratsuaren aurrez aurre dago.
Finalerdi oso irekia dago aurreikusita, eta Arbek bere ibilbideak duen balioa kantxaratu beharko du, Ortzi Aldazabal Argoitia berriatuar gazteagaz batera gailenduko baldin bada. Aurrez aurre edukiko dituzten arerioak, baina, ez dira makalak izango: Bixente Gonzalez miarriztarra eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarra. Arbe eta Argoitia txapelketaren lehendabiziko fasean garaipen bi poltsikoratuta ailegatuko dira finalaurrekoetara eta, hortaz, porrotik gabe. Gonzalezek eta Atainek, beren aldetik, garaipen eta porrot bana jaso dute gaur-gaurkoz.
Bigarren finalerdiari dagokionez, Alex Hormaetxea bermeotarra eta Ruben Bailo noaindarra Erik Mendizabal mutrikuarraren eta etxeiko puntusta Oier Kanpandegiren kontra ipiniko ditu. Hormaetxeak eta Bailok hautagaitzaren pisua edukiko dute bizkarrean, hala izen aldetik, nola egindako txapelketari erreparatuz gero. Edozelan ere, Kanpandegi hondarribitarrak eta Mendizabal beteranoak edonori aurpegia erakusteko bezainbeste direla frogatu dute. Etxeko jarraitzaileen beroa, behintzat, alde izango du Kanpandegik.
Hain zuzen ere, Jai Aliveko antolakuntza lantaldeak aurreratu duenaren arabera, oraindik sarrera gutxi batzuk eskuragarri daude, eta beraien web orrialdean eros daitezke. Final handia hurrengo barikuan [irailak 19] jokatuko dute, ordu berberean. Bai finalaurrekoak, bai finala EITBk emitituko dituela aditzera eman dute.