Gaztetxoen irakurle taldean izena eman ahalko da irailaren 25era arte
Ane Labaka Mayozek gidatuko du irakurle taldea, ta hilean martitzen batean elkartuko dira.
Gaztetxoen artean irakurketa sustatzeko asmoz, Lekeitioko Udalak Bauan-Bauan gaztetxoen irakurle taldea ipiniko du martxan. Ane Labaka Mayoz idazle eta bertsolariaren gidaritzapean, hainbat liburu irakurri eta horietaz hitz egiteko txoko bat edukiko dute herriko gaztetxoek.
LH 5 eta 6. mailako umeentzako taldea izango da, eta hilean martitzen batean elkartuko dira, 17:00etatik 18:00etara. Jakitera eman dutenez, honakoak dira taldea elkartzeko zehaztu dituzten egunak: azaroak 4, abenduak 2, urtarrilak 13, otsailak 10, martxoak 10, apirilak 14, maiatzak 12 eta ekainak 9. Txitxintokian (kultur etxea) elkartuko dira.
Parte hartzea doan den arren, izena eman behar da liburutegian, irailaren 25a baino lehen.