Ikasturte berriarekin batera hasiko da Liburuen amuak egitasmoa
'Mundu zitalaren kontra' liburua izango da urriaren 25an [zapatua] landuko duten lehenengoa eta Lizar Begoña idazlea ere bertan egongo da.
Ondarroako Udalak Euskera Batzordeagaz batera antolatutako Liburuen amuak egitasmoa ikasturte berriagaz batera hasiko da. Aurten ere, urtero legez, Joxe Mari Urteagak gidatuko du taldea, eta urriaren 25ean [zapatua] egingo dute lehenengo saioa Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra liburuagaz. Gainera, idazlea bera ere joango da saiora. Antolatzaileek zehaztu dutenez, saio guztiak hileko azkenengo zapatuan izango dira, 10:00etatik 12:00etara, Udal liburutegian.
Urritik maiatzera bitartean bost liburu irakurri eta komentatuko dituzte euskal literaturazaleek, eta lehenengo eta azkenengo saioetan landutako liburuen idazleak joango dira. Urriaren 25ean Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra liburua landu ondoren, azaroaren 29an Leonardo Sciasciaren Todo modo liburua izango dute hizketagai. Abenduan eta urtarrilean atsedena hartu ondoren, otsailaren 28an bueltatuko dira Pello Lizarralderen Lanbroa liburuagaz, eta apirilaren 25ean Agota Kristofen Analfabetoa idazle lana landuko dute. Ikasturteari amaiera emateko Miren Amurizaren Pleibak liburua irakurriko dute, eta gainera, maiatzaren 30eko saiora Amuriza bera etorriko da, liburuaren xehetasunak partekatzera.
Egitasmoak helburu desberdinak ditu; alde batetik, euskaraz irakurtzeko gogoa sustatzea, eta bestetik, irakurketa gustuko dutenen arteko lotura sakontzea. Horrez gain, euskaraz irakurtzeko beldurra kendu eta lagun giroan literaturaz goxo hitz egiteko aukera “ederra” dela adierazi dute antolatzaileek.
Irakurtzeko zaletasuna duen edonorentzat zabalik dago egitasmoa, eta parte hartu nahi dutenek aurretiaz izena ematea komenigarria dela azpimarratu dute antolatzaileek, nahiz eta izena eman ez dutenek ere aukera izango duten egitasmoan parte hartzeko. Apuntatzeko bi bide daude: batetik, udal euskara zerbitzura deituta 94 683 36 68 zenbakira edo mrey@gmail.com helbidera mezua bidalita, edo, bestetik, Txomin Agirre udal liburutegira deituta 94 683 33 43 zenbakira edo liburutegia@ondarroa.eus helbidera idatzita.