Sanantolinek zapore gazi-gozoa utzi dute aurten
Lekeitioko Udalak adierazi du "alaitasunez, kulturaz eta nortasunez" beteriko jaiak izan direla aurtengoak, baina hausnartzeko hainbat puntu ere mahaigaineratu ditu. Besteren artean, lau eraso matxista, zabor pilaketak eta apurketak egon dira.
Amaitu dira San Antolin jaiak, eta lekeitiarrek agurtu dute Antero datorren urtera arte. Astelehenean [irailak 8] Koittadua abesteagaz batera ezkutatu zuten Antero, baina aurretik beste zazpi jai egun eduki dituzte. Hala, Lekeitioko Udalak adierazi duenez, aurtengo jaiak “alaitasunez, kulturaz eta nortasunez” beterikoak izan diren arren, gozotik nahiz gazitik eduki dute: “Gozotik asko izan arren, gazitik ere egon da San Antolin jaietan”.
Auzolanean aurrera ateratako jaiak izan dira aurtengoak ere, eta udalak zorionak eman nahi izan dizkie lanean aritu diren denei: “Danontzako jaiak! izan da aurten udaletik zabaldu dugun mezua. Izan ere, jaietan batzuetan sortzen den giroagaz, herritar asko etxera joan behar izaten dira eurentzako lekurik ezin topatuta. Gure mezuan goraipatu dugu jaien izaera herrikoia ere. Eta behin jaiak amaituta, esan behar dugu, beste urtebetez auzolan ariketa erraldoi hau benetan eredugarria eta harro egoteko modukoa izan dela”. Hala, zorionak eman dizkiete auzolanean ibili nahiz ekintzetan parte hartu duten guztiei.
Jakitera eman dutenez, irailaren 3an eta Antzar Egunean lau eraso matxistaren salaketak jaso zituzten. Udalak “ozen” adierazi gura izan du ez dutela halako jarrerarik onartzen, eta Arreta Feministarako Guneak egindako lana goraipatu dute: “Aurten lehenengoz ipini dugu gunea martxan, udalaren eta Txosna Batzordearen artean. Horregatik, Txosna Batzordeari zein Arreta Feministarako gunean egon direnei, gure eskerrik beroena, erasorik gabeko jaiak bultzatu eta erasotuak izan direnak artatzeagatik”.
Beste aldetik, jaietan sortutako hondakin eta zabor kopuruagak ere, “ardura handia” sortzen dietela adierazi dute: “Ezin za izan ingurugiro krisi betean gaudela, jaiak neurri gabeko kontsumismo zoro eta zabor pilaketa handien bilguen izatea”. Oraindik datu zehatzak falta dituzten arren, baieztatu dute “zabor piloa” batu dela: “Zaborra gutxitzeko urgentzia itzela dagoenean, gero eta zabor gehiago sortzen ari gara. Eta horri, beranduegi izan orduko, mugak ipini behar dizkiogu”.
Gaineratu dutenez, iazko antzera, aurten ere plaza azpiko komunak apurtu dituzte, hiru egunetan: hilaren 3an, 5ean eta 6an: “Horren ondorio zuzenak herritarrek sufritzen dituzte; onartezinak dira horrelako gertaerak. Eskertu nahi ditugu garbiketa eta konponketa lanetan ibili diren langileak, jaietan egindako lan guztiagatik”.
Hausnarketarako deia. Gertakariak azaltzeagaz batera, hausnarketarako hiru puntu mahaigaineratu nahi izan ditu udalak. Alde batetik, jaietako, eta batez ere, Antzar Eguneko masifikazioagaz arduratuta agertu dira. Azaldu dutenez, herritar asko etxean geratu behar izan dira “herria leku eroso edo seguru sentitzen ez zutelako”. Gogorarazi dute datorren urtean irailaren 5a zapatua izango dela, eta masifikazioagaz zer egin daitekeen aztertu beharko dela, “lekeitiar guztiek eduki dezaten Antzar Egunaz gozatzeko aukera”.
Bestalde, zaborren eta apurketen inguruan alde batetik, eta askotariko eraso nahiz errespetu falten inguruan, bestetik, hausnartzeko eskatu dute: “Horietaz hausnartu eta neurriak hartzeko deia luzatzen dugu”.
Azkenik, adierazi dute irailaren 7tik aurrerako ekintzetan “parte hartze eskasa” egon dela, azken urteetako joera berretsiz: “Urteetan hainbat kexa jaso izan dira elkarteetatik eta abar, inork ez duelako nahi egun horietan ekintzarik antolatu”. Gaineratu dutenez, aurten umeek sanantolinetako azken egunean klasea eduki dute: “Horren eragina begibistakoa eta asko aipatua izan da”.