Aitxe Kutz jaiek asteburua mugimenduz beteko dute
Berriatuan gogotsu daude jaiarekiko, eta dena prest dute udazkenari ongietorria ematen dioten jaiak ospatzeko.

Udari amaiera emateko prest daude Berriatuan, eta era berean, udazkenari ongietorria emango diote, Santa Kurtze edo Aitxe Kutz jaiak ospatuz. Horrela, jai giro herrikoian murgilduko dira datozen egunotan, herrian. Berriatuarrek, berriz, kirola nagusi izango den hiru eguneko egitarauarekin gozatuko dute bihartik domekara bitartean. Jaiari eta musikari ere tartea utziko diote, noski. Ume, gazte eta nagusientzako izango dira prestatutako ekintzak, baina, batez ere, gazteenentzako. Horren erakusgarri izango dira zapatuan, ur jolasak, duatloia, eta kostari buelta bizikletan egiteko proba, besteren artean.
Aurten, gainera, berezitasunen bat zein beste iragarri du Berriatuko Udalak. Irailaren 2an piztu zuten Txondorra herrian, eta bihar, txondorreko ikatza ateratzen hasiko dituzte Aitxe Kutz jaiak, 16:30ean. Horrez gain, jaiok baliatuko dituzte Ibarra Futbol Zelaia inauguratzeko, bertan obrak egin baitituzte.
Futbol partidua izango da inaugurazio ekitaldiaren protagonista. Hain zuzen ere, kadete mailako derbia jokatuko dute 12:00etatik aurrera, Athletic eta Real Sociedad taldeetako emakumeek. Herria bizirik mantentzeko, gainera, Mirari eta Izarra trikitilariak arituko dira herriko izkina guztiak musikaz alaitzen.
EGITARAUA
Bihar, barikua
16:30. Txondorreko ikatza ateratzea, Etxebarri baserriaren aurrean.
19:30. Aitxe Kutz Kopa, Ibarra kiroldegian; Berriatuko FT – Artibai FT.
Etzi, zapatua
11:00. Umeentzako jolasak: Duatloia (aringaringa eta bizikletan).
12:00. Ibarra futbol zelaiaren inaugurazio partidua; neska kadeteen arteko Athletic – Real Sociedad.
16:00. Ur jolasak.
17:00. Kostari buelta bizikletan.
Arratsaldean zehar. Ondarroa BHIko ikasleak egindako auto elektrikoa ikusgai.
19:30. Mirari eta Izarra trikitilariak iluntzea musikatuz eta alaituz.
20:00. Parrillada.
Domeka
12:00. Meza.