Galbaixo jaiak: iraganaren eta orainaren arteko zubia
“Jai batzordea irekia da, baina gehiago gustatuko litzaiguke gazte gehiagok parte hartzea, ideiak berritzeko eta jaiak etorkizunean ere indartsu mantentzeko”, azaldu dute antolatzaileek.

Mutrikuko Galbaixo jaiak ate joka duade aurten ere. Herritarrentzat berezienetakoak dira, udari amaiera emateko herritik eta herriarentzat antolatutako ospakizunak baitira. “Jai batzordea irekia da, baina gehiago gustatuko litzaiguke gazte gehiagok parte hartzea, ideiak berritzeko eta jaiak etorkizunean ere indartsu mantentzeko”, azaldu dute antolatzaileek.
Galbaixok historian zehar izan duen berezitasuna marinel eta baserritarrak batu izan dituela gogorarazi dute: “Ermitako fededun nagusiak arrantzaleak izan dira beti, baina baserritarrak ere bai. Auzoetako jendea eta marinelak elkartzea herriari batasuna ematen dion zerbait da”.
Argazki zaharrak eta lanabesak. Jaietako ekitaldien artean, leku berezia du aurten ere Auzoko Argazki eta Lanabes Zaharren Erakusketak. Bosgarren edizioa izango da, eta lehen aldiz, argazkiekin batera lanabes zaharrak ere jarriko dira ikusgai.
“Ideia auzoan sortu zen, Galbaixoko jaietan argazki zaharrak biltzeko. Hasieran gutxi ginen, baina urtez urte kolekzioa handitzen joan da. Oraingoan, etnografiari lotutako zaletasunak bultzatuta, lanabesak ere bildu ditugu, baserrietan galzorian zeuden objektuak balio historiko eta kultural handikoak direlako”, azaldu dute.

Argazkia: Nerea ArrizabalagaNerea Arrizabalaga
Antolatzaileen esanetan, erakusketak auzoko memoria kolektiboa bizirik mantentzen laguntzen du: “Azken urteetan bizimodua asko aldatu da, lan egiteko moduak eta hiztegia bera ere bai. Erakusketak aukera ematen du horiek berriro jasotzeko eta gazteei transmititzeko”.
Publikoaren harrera urtez urte ona izan dela diote, eta askotan ikusleen laguntzaz argazkietan agertzen diren pertsonak identifikatzea lortu dute. “Horrek balio emozional handia ematen dio erakusketari, herritarren oroimena kolektiboa bihurtzen delako”.
Pieza askok piztu dute emozioa: Gorixo baserriko familiaren irudi zahar batek, adibidez, garaiko familia handiak eta bizimodua erakusten ditu. Beste argazki batean, Galbaixoko garai bateko jaietako aizkolariak ikus daitezke; eta emakume baten lokotx jasotze irudi zaharra ere nabarmendu dute: “Emakumeen ikuspuntua eta janzkera historikoa oso ederki jasotzen ditu”.
Azken batean, antolatzaileek uste dute erakusketak belaunaldien arteko transmisioa sendotzen duela: “Orain dela 80 edo 90 urte erabiltzen ziren lanabesak eta ohiturak ikustea aukera paregabea da gazteentzat, euren arbasoen bizipenak hurbiletik ezagutzeko”.
Herritarrentzat, Galbaixo jaiak ez dira soilik festarako aitzakia; komunitatea elkartzeko eta auzoaren nortasuna berrindartzeko uneak ere badira. Hala, antolatzaileek nabarmendu dute jaietako giroak eta ekitaldiek “herritarren parte hartzea, auzolana eta belaunaldien arteko lotura” sendotzen dituztela, etorkizunari begira bizirik iraun dezan ospakizun berezi honek.