Ispasterko kirol eskaintzak ez du prezio igoerarik izango
Irailaren 17ra arte eman daiteke izena udaletxean edo webgunean. Hilaren 29an hasiko dira saioak.
Ispasterko Udalak 2025/2026 ikasturterako kirol eskaintzaren berri eman du. Beste urte batzuetan bezala, eskaintza zabala aurkeztu dute eta nabarmendu dute prezioan ez dela igoerarik egon. Izen ematea zabalik dago eta horrela egongo da irailaren 17ra arte, egun hau barne. Ikastaroetan izena eman nahi dutenek online egin dezakete eta udaletxera hurbilduz. Ikastaroen zerrendak hilaren 22an argitaratuko dituztela esan dute.
Hain zuzen ere, saioak hilaren 29an hasiko dituzte eta maiatzaren 30era luzatuko dira. Spinning klaseen kasuan, irailaren 22an hasiko dira, baina urriko lehen hamabostaldian ez da ikastarorik egongo. Taldeak aurrera eraman ahal izateko, gutxienez zortzi lagun egon beharko dira eta gehienez 15, spinningeko kasuan 12. Gutxieneko kopurura ez heltzekotan, ikastaroa bertan behera geratu daiteke. Talderen baten muga baino pertsona gehiago apuntatzen badira zozketa bidez esleituko dira tokiak, beti ere Ispasterren erroldatuta daudenek lehentasun osoa izango dute. Itxaron zerrendan dauden pertsonak, izena emotearen dataren arabera egongo dira ordenatuta eta horren arabera eskainiko dira toki libreak.
Kobroak helbideratze bidez egingo dira hilero; beraz, kontu korronte zenbakia zehaztea beharrezkoa dela gogoratu dute. Ispasterren erroldatuta daudenei udalak %20ko laguntza emango die, horretarako dagokion inprimakia bete beharko dute etaamilia ugariek %30koa jasoko dute.
2025/2026 ikasturterako kirol eskaintza:
- Nagusien luzaketak: astelehenetan 17:30ean. 6 euro saioko.
- GAP: martitzenetan 17:50ean eta eguenetan 18:20ean. 6 euro saioko.
- HITT: martitzenetan 17:00etan eta eguenetan 17:30ean. 6 euro saioko.
- Yoga: astelehenetan 19:30ean eta eguaztenetan 19:30ean. 6 euro saioko.
- Spinning: astelehenetan 19:30ean eta eguaztenetan 19:30ean. 7 euro saioko.