Marmitako lehiaketa: herritik, herriarentzat
Txoko Eder elkarte gastronomikoak 36. aldiz antolatu du herrian tradizio bihurtu den marmitako lehiaketa.

Mutrikuarren uda oraindik ez da bukatu. Galbaixo jaiak eztanda egitear daude, eta beste hainbat ekintzaren artean, 36. marmitako lehiaketa ospatuko dute aurten. Txoko Eder elkarte gastronomikoak antolatzen du urtez urte, eta gogoratu dute elkarteko lauzpabost lagun batu, eta beraien borondatez lortu zutela marmitako lehiaketa aurrera eramatea duela 36 urte. Hain gustura eta pozik gelditu ziren lortutako erantzuna eta herriaren parte hartzeko gogoa ikusita, non hurrengo urtean ere egitea erabaki zuten. Denbora pasa ahala, gainera, udalaren laguntza jasotzen ere hasi zen elkarte gastronomikoa, eta horrela jarraitu dute gaur egunera arte.
Marmitako lehiaketa “tradizio bihurtu da” Galbaixoko jaietan, eta horrek jaietako egitarauan leku berezia ematen dio. “Azken finean, herritarren parte-hartzea handia da, bai sukaldari moduan, bai ikusle moduan, eta horregatik, marmitako lehiaketak ezinbesteko hitzordua du Galbaixoko jaietan”, gaineratu dute antolatzaileek.
Begirada atzera bota, eta “alde nabaria” ikusi dute parte hartzaile aldetik: “Lehenengo urtean, lau-bost lagun besterik ez ziren animatu, eta borondate hutsez atera zuten aurrera lehiaketa. Herriak izandako erantzun onak bultzatuta, urtean-urtean berriz egiteko gogoa piztu zen, eta ordutik aurrera etengabe hazi da lehiaketa”. Hain zuzen ere, gaur egun, parte-hartzea “oso ona” da. Aurten, adibidez, 26 bikotek izena eman dute lehiaketan, baina lehiaketak berak, gehienez hamasei bikote onartzen dituela adierazi dute Txoko Ederrekoek: “Izena eman duten 26 bikoteen artean, zozketa egin behar izan dugu. Guretzat benetan pozgarria da horrenbeste lagunek parte hartu nahi izatea”.
Lehiaketa orotan bezala, amaieran sari banaketaren txanda izaten da hemen ere, eta Galbaixo jaietako marmitako lehiaketako sariak “lau multzotan” banatzen direla aurreratu dute antolakuntzatik. Lehenengo saria txapela eta 250 eurokoa da; bigarrena kopa eta 175 eurokoa; hirugarrena kopa eta 100 eurokoa; eta laugarrenek, bosgarrenek eta seigarrenek bi ardo botila eta kopa jasotzen dituzte.
Horrelako lehiaketa baten atzean, prestakuntza lan handia dagoen arren, “borondate askorekin eta pozarren” antolatzen dute lehiaketa mutrikuarrek, eta dagoeneko herrian “errotuta” dagoela uste dute: “Atzean urte batzuk baditu dagoeneko, eta aurrean ere beste horrenbeste izatea espero dugu”. Txoko Eder elkarte gastronomikoaren kideek esker oneko hitzak dituzte epaimahaikideentzat: “Ezin ditugu ahaztu lehiaketako epaimahaikideak, musu-truk plater guztiak probatu eta balorazioa ematera animatzen diren herritarrak”.
Laguntzeko deia
Marmitako lehiaketa “herritik eta herriarentzat” sortutako lehiaketa den heinean, aurten, mezu bat zabaldu nahi izan dute herritarren artean: “Aurten ez dugu udaletxeko laguntzarik izango muntaketa eta desmuntatze lanetan, eta gainera, sozietateko kide asko lanean egongo dira. Horregatik, asko eskertuko genuke herritarrak egun horretan laguntzera animatzea, bai muntatzen, bai jasotzen”.