Mendi giroko jai herrikoien txanda dator
Falta ezineko hitzorduetan murgilduko dira Aulestin: hilaren 16an, 19an eta 21ean, mendi giro ederreko Santa Eufemia jaiak ospatuko dituzte. Aldarrietarako tartea ere egongo da, besteren artean herri txikiak bizirik gura dituztela aldarrikatuko baitute. Era berean, Aulesti Palestinak ere aldarrikapenak jaietara eroango ditu.

Mendia, kultura, tradizioa eta jaia uztartzen dira Santa Eufemi jaietan Aulestin. Mendi inguruko jai herrikoiak dira santaeufemiak, eta horrela ospatuko dituzte aurten ere. Hala, uda amaitzear dagoen honetan, hitzordu ukaezina daukate aulestiarrek hilaren 16rako, 19rako eta 21erako.
Ohiturari segika, aurreko urteetako antzeko egitaraua prestatu dute Aulestiko Udalak eta kultura batzordeak, aldaketa txiki batzuk dituena. “Ohi modura, Santa Eufemi egunez bilduko gara, baita egunaren osteko domekan ere, eta, bitartean, barikuan, kontzertuen gaua edukiko dugu”, azaldu dute kultura batzordekoek.
Urregarai mendian bilduko dira hilaren 16an, eta aurten, ez da 10:00etako mezarik egongo; mezara joan gura dutenek 12:00etan izango dute horretarako aukera. Lehenago baina, ume eta gaztetxoek bola jokoan biltzeko aukera izango dute. Gainera, aurten, poniak ez dira bakarrik goizez egongo, bertaratzen direnek horietaz goizez zein arratsaldez gozatzeko aukera izango dute.
Iazko modura, aldarrikapenerako tartea ere egongo da aurten. Izan ere, Herri txikiak bizirik leloa daraman pankartaren atzean bilduko dira bertaratzen direnak elkarretaratzean, eta herri txikiak bizirik gura dituztela aldarrikatuko dute; gainera, euren aldarria plazaratzeko balio duten kamisetak ere salgai izango dituztela aurreratu dute.
Herri txikien aldeko aldarria, baina, ez da eguneko bakarra izango. Aulesti Palestina taldeak ere palestinarrekiko elkartasuna zabalduko dute. Palestinaren aldeko ikurrez beteko dituzte jaiak, eta herritarrak bat egitera deitu dituzte.
Menditik jaisterakoan, arratsaldean, erromeriak herriko plaza hartuko du.
Jai giro horri barikuan emango diote jarraipena. Izan ere, kontzertuen gauean bilduko dira bizilagunak. Hofe eta Marte Lasarte izango dira plazako eszenatokian izango direnak, baita Markina-Xemeingo Alloxelets dj-ak ere.
Egun handia
Egun handia izango da hilaren 21ekoa Santa Eufemin. Haur, gazte zein nagusien topalekua izaten da mendia, eta egun hori tradizioak agintzen duen moduan ospatuko dute. Meza egongo da, eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute gero. Gainera, antolatzaileek adierazi dute goiz guztian trikitilariak ibiliko direla giroa alaitzen.
Egun horretan, zelaian hasi eta ermitan amaitzen duten igoera ikusgarria izaten da, eta, oraingoan, 44. aldiz lehiatuko dute. 700 metroko luzeran, 120 metroko desnibelari aurre egin beharko diete korrikalariek, 200dik gora eskailera igoz. Deigarria da lasterketa, eta asko izaten dira lehiatzera animatzen diren herritarrak zein inguruetako herrietako bizilagunak. Izan ere, Igoera Herrikoien Ligako proba puntuagarria da Aulestikoa. Ohi legez, hainbat sari banatuko dituzte, baina markarik onena gainditzen duenari 60 euroko saria emango diote, eta herriko lehenengoarentzat ere saria egongo da. Gainera, parte hartzaile guztientzako kopaua ere egongo da.
Lasterkariek indarra hartzen duten bitartean, irrintzi topaketan bilduko dira bertaratzen direnak. Eta, aurten, lehenengoz, nagusientzako lehiaketakoek ez ezik, 12 urtera arteko txikienek ere saria jasotzeko aukera izango dute. “Orain arte nagusientzako txapelketa izan da irrintzi lehiaketa, baina iaz irrintziari indarra emateko eta balioan jartzeko, irrintzi topaketak egin genituen, eta aurten gaztetxoenei ere parte hartzeko aukera eskaini gura izan diegu”, jakinarazi dute antolatzaileek.
Beraz, herriko gazteenei parte hartzeko gonbidapena egiteko, herriko irrintzilariak herriko eskolara joan dira, “lehenago kalera begira antolatutako irrintzi topaketak moldatu, eta gaztetxoenei irrintzia botatzeko teknikak erakusteko asmoz”. Hala, Santa Eufemiko lehiaketan parte hartzeko asmoa erakutsi diete zazpi ikasle inguruk. “Erreleborik ez zegoela ikusten genuen, beti berdinek parte hartzen zutela, eta hori hauspotu gura izan dugu. Gazteei gustatzen zaiela dirudi; ea jarraipena duen”, azaldu dute kultura batzordekoek. Hala, herriko irrintzilariak diren Nerea Agirreri, Ainara Ituiñori eta Lorea Zarragoikoetxeari euren lana eskertu diete, “horren garrantzitsua den transmisioa egiteagatik”.
Eta lehiaketekin segituko dute, ze Bizkaiko 34. Hiru Txirlo bola jokoaren jardunaldi bat ere hartuko du Santa Eufemiko jaiak.
Herritarrei santaeufemi jaietaz gozatzeko deia egin diete antolatzaileek, herri giro ederra egoten dela esanda: “Egunez ospatzen den mendiko jaia da, mendi giroan eta naturagaz bat eginda ospatzen dena. Musika egoten da, dantza egiteko aukera ederra egoten da…». Aulestiarrek zein inguruko bizilagunek falta ezineko urteroko zita dute, eta bertaratuko direnei gogoratu diete bai hilaren 16an, bai 21ean, Santa Eufemira doan bidea 11:00etan itxi egingo dutela, Lekoiztik.