Gaztetxearen aldeko aldarria nagusi Etxebarrin

“Gaztiok martxan, gaztetxie faltan” lelopean, Etxebarriko gazteek egun osoko egitaraua antolatu dute gaur, herrian gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko. Goizean pala txapelketarekin abiatu dute jaialdia; sei taldek hartu dute parte.
Bazkarian 65 lagun inguruk egin dute bat Beheko parkeko bidean, eta giro ederrean luzatu da otordua. Bazkalostean umorezko bakarrizketek hartuko dute lekukoa; Manex Astigarraga, Esti Curiel, Lander Varona eta Mirari Martiarena arituko dira bakarrizketetan.
Arratsaldean ere jarraituko du egitarauak. Multikirolak izango dira lehenik —padel surf, orientazio jolasak eta kuadrilen arteko probak tartean—, eta iluntzean Plazabarrin XX. urteurreneko dokumentala emango dute, ondoren mahaingurua egiteko gazte mugimenduko hainbat kideren parte-hartzearekin.
Gauak ere ez du etenik izango: Ameba eta Lenbailen taldeek jarriko dute musika, eta Plazabarrin egingo den akanpadarekin emango zaio amaiera egunari.
Gazte Asanbladatik nabarmendu dute aldarria argia dela: «Gaztetxea ez da kapritxoa, beharra da. Herriari ekarpena egiteko espazioa behar dugu, eta herritarren babesarekin bidea egiten jarraituko dugu».