Herri osoaren ilusioa piztu du Ibarra futbol zelaiko inaugurazioak Aitxe Kutz jaien baitan
Giro aparta bizi izan da gaur Berriatuan, Aitxe Kutz jaien barruan egindako ekitaldi nagusian. Goizeko lehen orduetan umeen algarak izan dira nagusi, baina eguerdirako herritar guztien arreta puntua Ibarra futbol zelaiko inaugurazio ekitaldia izan da.

Goizeko 11:00etan abiatu dira jaialdiko ekintzak umeentzako jolas eta duatloiarekin. Herriko txikiek korrika eta bizikletan gogoa eta indarra erakutsi dute, eta horrela piztu dute herriko jai giroa lehen orduetatik.
Eguneko ekitaldi nagusia 12:00ak aldera iritsi da. Ibarra futbol zelaiko ateak zabaldu dira, eta bertan elkartu dira herritarrak, Athletic eta Realeko kadete mailako neskak, epailea, Berriatuko FTko zuzendaritza eta udal agintariak. Ekitaldiko lehen hitzak futbol zelaiaren historiaren ingurukoak izan dira, 1996an hondarrez eraikitakoa, 2004an belar artifizialera egokitua, eta gaur egun berriztatu eta eguneratua. «Belar berria jarri da, sarea eta babesgarriak, irisgarritasuna hobetu da, eta energia aldetik kontsumoa jaitsi da. Gainera, futbol txikiaren zelaia libre utzi da, edozein ordutan jolasteko», azaldu dute.
Ondoren Berriatuko FTko zuzendaritza taldeko ordezkariak hartu dute hitza: «Eskerrak eman nahi dizkiegu urte askotan taldearen alde lan egin duten guztiei. Futbolari esker Berriatua mapan jarri dugu, ez bakarrik Bizkaian, Euskal Herrian eta munduan ere bai». Baloreak jarri dituzte erdigunean: «Inklusioa, euskara eta feminismoa dira gure ardatzak. Orain dela 20 urte nesken talde bat izan genuen, oztopo gehiago izan arren aurrera egin zuena. Eta gaur hemen, berriro, nesken partidua jokatzen da zelai berrian. Futbola emaitza hutsetatik harago doa; errespetua, laguntasuna eta konpromisoa transmititu nahi ditugu».
Hitzaldia amaitzeko, ilusioz eta baikortasunez zuzendu zaie herritarrei: «Besterik gabe, Joseba Goienola alkateari emango diot hitza. Eta azken oihu batekin bukatuko dut: 1, 2, 3… Berritxu Zatitxu!». Ikusleek bat egin dute leloarekin, eta giroa bero-bero jarri da.
Goienola alkateak hartu du gero hitza, eta auzolanean egindako lanaren garrantzia azpimarratu du: «Futbol zelaia berritzeko beharra geneukan, eta herri honek esfortzu eta maitasun handiz egin du. Guztion ekarpenari esker lortu dugu hau aurrera ateratzea». Bere mezua argia izan da: «Ez dezagun eredu txarrik ikasi. Ibarra izan dadila bestelako futbol baten ikur: errespetuan, euskaran, kiroltasunean, feminismoan eta elkartasunean oinarritutako futbol eredu bat».
Txalo artean hasi da partida, eta herritarrek gozatuz jarraitu dute Athletic eta Realeko nesken norgehiagoka. Emaitza bigarren mailan geratu da, eta lehen planoan herri osoak partekatutako poza eta instalazio berria izan dira.
Arratsaldean ere festak segida izango du. 16:00etan ur jolasak izango dira, 17:00etan kostari bizikletaz buelta emango diote, eta iluntzean Mirari eta Izarra trikitilarien doinuek alaituko dute plaza. 20:00etatik aurrera, berriz, parrilada herrikoia egingo dute, festa gauera arte luzatzeko.