Bizkaiko Bertsolari Txapelketako “sintonia” nabarmendu dute aurkezpenean
Irailaren 28an hasiko da txapelketa Urdulizen. Lea-Artibatik, Garazi Navarro amorotoarra, Lurdes Ondaro munitibartarra, Josune Aramendi markina-xemeindarra eta Aissa Intxausti eta Xabat Galletebeitia lekeitiarrak ariko dira.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketak irekiko du bertsoen 2025/2026 denboraldia. Irailaren 28an emango diote hasiera Urdulizen, baina zapatuan [irailak 13] aurkeztu zuten Zornotzan, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egunaren baitan. Bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak zein talde antolatzaileko kidea elkartu ziren Zornotzako txapelketaren aurkezpenean. Urdulizen hasiko da hilaren 28an, eta asteburuz asteburu jokatuko da abenduaren 20an finala jokatu arte. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.
Idoia Anzorandiak gidatu zuen ekitaldia eta aurtengo Bizkaiko eskolartekoan buruz-burukoa jokatu duten Enara Gallastegi eta Ekhi Zuluaga bertsolariek kantatu zuten jarraian. Talde Antolatzailearen izenean Asier Galarzak hitz egin zuen. Txapelketa serioa omen da, baina, barrez lehertzen jarri zituen bertaratutakoak bere bakarrizketarekin. Besteak beste, bertsolaritzaren eta bakarrizketen arteko loturez aritu zen; baita musikariez ere: “Orain estadioak betetzen dituzte, baina gu izan ginen aitzindariak”. “Txapelketan doinu asko entzuten ditugu, baina bada bat saioro errepikatzen dena: txapelketako sintonia”, esan zuen. Aurten, modu berezian egin izan zuten: Arratiako eta Zornotzako bertso eskoletako gazteek egin zuten dantza sintoniaren doinura.
Txapelketan aurten egitura berria dauka, 30 bertsolari izango dira lehen fasean kantatuko dutenak: 21 Udabarria Bertsotanetik sailkatutakoak, eta bederatzi, 2023an finalaurrekoetan kantatu zutenak. Hasieratik arituko dira, besteak beste, Garazi Navarro amorotoarra, Lurdes Ondaro munitibartarra eta Josune Aramendi markina-xemeindarra. 11 bertsolari igaroko dira finalaurrekoetako lehen bueltara eta bertan izango dituzte zain 2023ko txapelketako zazpi finalistak, tartean, Aissa Intxausti eta Xabat Galletebeitia lekeitiarrak. Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak, azken bi txapelketetako irabazleak, uko egin dio txapelketan parte hartzeari.
Egitarauaren barruan
Txapelketaren aurkezpenaz gain, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eguna ere ospatu zuten Zornotzan. 12:00etan hasi zuten bertso poteoa, eta hurrengo bertsolariak aritu dira kantuan: Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Oihana Bartra, Paule Loizaga eta Xabat Galletebeitia. Txapelketaren aurkezpenaren ostean, bertso bazkaria egin zuten, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Igor Elortzagaz.