Inoizko ekintza eta antolatzaile gehien izango dituzte Ondarearen Europa Jardunaldiek
Ekimenaren 25. urteurena denez, urrian, 250 kultura proposamen baino gehiago eskainiko dituzte 160 erakunderen eskutik.

Ondarearen Europako Jardunaldiek 25. urte betetzen ditu eta Bizkaiko Foru Aldunditik inoizko apusturik handiena egin nahi izan dute. Hain zuzen ere, inoiz baino kultura programa zabalena aurkeztu dute gaur [irailak 15]. Era berean, inoiz baino antolatzaile gehiagok parte hartuko dute, mota guztietako 160 erakunde edota elkartek. Aurtengo gai nagusia arkitektura ondarea izango da. Egitarau osoa eta erreserbak www.ondareabizkaia.eus webgunean.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu dute 25 urte ez direla edonola betetzen eta horregatik aurtengo eskaintza inoiz baino zabalagoa dela: “Bizkaiko Foru Aldundiak ehun eragile kultural baino gehiagoren eskutik koordinatutako lanari esker, elkarlanean aritzeko sare sendo bat sortu da, eta Bizkaia erreferente bihurtu da ondarearen alorrean, baita Europan ere”.
2025eko programazioak bi ildo nagusi izango ditu. Alde batetik, arkitektura garaikidea nabarmenduko dute, arreta berezia jarrita azken ehun urteetako eraikin eta eraikuntzetan “sarritan ezezagunak edo gutxi baloratuak baitira”. Bestalde, historia ondareari “ikuspegi berritu batetik” helduko diote: “Eraikin enblematikoetako esku hartzeei eta eraikin horietan izandako erabilera aldaketei buruzko bisitekin eta eztabaidekin, eta tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka aztertuko da”. Gainera, aurtengo berritasuna da «Lurralde gonbidatua» atala, oraingoan Bizkaia Kantabriagaz lotuko duena.
Beste urte batzuetako ohiko formatuetako jarduerez gain, bestelako ekimenak sartu nahi izan dituzte. Horregatik, antolatzaile eragileen lana nabarmendu dute, gogoratuz 25 urtetan 200 baino gehiagok parte hartu dutela. “Ondare komunitate sendo bat sortu dute, kultura ondarea hedatzeagaz, kontserbatzeagaz eta baloratzeagaz konprometitua”.
“Ondare komunitate sendo bat sortu dute, kultura ondarea hedatzeagaz, kontserbatzeagaz eta baloratzeagaz konprometitua”
Urriko programak Bizkaiko arkitektura ondarean islatzen diren historia, artea eta eguneroko bizitza ezagutzeko 250 jarduera baino gehiago izango ditu. Ondarea gizartera hurbiltzeaz gain, ondare horrek etorkizunean izango dituen erronkei eta desafioei buruzko hausnarketa sustatu nahi du ekimenak.
Ondarearen Europako Jardunaldiak, Bizkaian, “funtsezko espazio” bihurtu direla diote: “Lurraldearen kultura identitatea interpretatzeko eta bizitzeko, parte hartze aktiboa eta tradizioaren, modernitatearen eta jasangarritasunaren arteko elkarrizketa sustatuz”. Euskal kulturaren “ondare ekitaldi garrantzitsuenetako bat” izatea lortu du. Aldundiak koordinatutako ahalegin kolektiboak lankidetza sare “sendoa” osatu duela uste dute, eta Europan, Bizkaia erreferentziazko ondare komunitate gisa finkatuz
“Ekimen bakoitza pertsona askoren ahalegin kolektiboaren emaitza da. Kultura ondarea zabaltzeko, balioesteko eta kontserbatzeko konpromiso kolektibo eta zeharkakoa islatzen da. Jardunaldiok ondarea babesteko, ikertzeko, zabaltzeko eta kontserbatzeko ekimenak sortzea sustatu dute, eta kezka komun bat partekatzen duten eragile askoren arteko interakzioa sustatu dute: ondare balioak zaintzea eta zabaltzea”.