Sortzaileek Durangoko Azokaren egitaraua osatzeko proposamenak aurkez ditzakete
Urriaren 6ra bitartean, egitaraua osatzeko proposamenak aurkeztu ditzakete sortzaileek, durangokoazoka.eus webguneko izen emateen atalean. Gainera, beste hainbat inskripzio ere zabaldu dira: Ikasle Goizerako, DA! PRO topaketarako eta Zu Non, Han DA! egitasmorako.

Kultur arloan euskaraz diharduten sortzaileen ekarpenekin osatzen da Durangoko Azokaren egitaraua, eta aurtengo 60. aldian ere, abenduaren 5etik 8ra bitartean ekitaldi sorta aberatza eskaintzeko asmoz, egitaraua osatzeko proposamenak aurkeztu ditzakete sortzaileek gaurtik (irailak 15) urriaren 6ra bitartean, durangokoazoka.eus webguneko izen emateen atalean.
Hala, gunez gune, diziplina anitzetako artisten aurtengo nobedadeen berri emateko aukera izango dute: Ahotsenean, liburu eta diskoak; Irudienean, ikus-entzunezkoak (film laburrak, dokumentalak, fikzioak, egitasmoen aurkezpenak…); Kabian, teknologia berriekin litutako hitzaldiak, jokoak, tailerrak; Saguganbaran, haurrei zuzendutako literatura eta musika; Szenatokian, dantza, antzerki eta bakarrizketen pieza laburrak; eta, Talaian, literaturaz aparteko lanak, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak.
Baina, horrez gain, aurten ilustrazioen erakusketa bat ere antolatuko dute, azokako urteko nobedadeetan argitaraturiko irudiak (liburuetan, aldizkarietan, diskoetan…) ikusgai jartzeko. Eta, horretan parte hartzeko interesa duten sortzaileek ere proposamenak bidali ahalko dituzte.
Arduradunek gogoratu dute, gainera, erakusmahaiak eskatzeko aldia ere hasita dagoela irailaren 1az geroztik; irailaren 30era arte egin ahalko dira eskariak.
Azokaren aurretik.
Azoka abenduaren 5ean hasiko den arren, aurretik sortzaileentzako beste plaza batzuk ere eskainiko dituzte, eta horietarako ere izena ematea zabalik dago. Alde batetik , DA! PRO topaketan parte hartu ahalko dute musikariek eta familia ikuskizunak taularatzen dituztenek, programatzaileen aurrean euren lanak aurkeztuz. Dagoeneko sortzaileek izena eman dezakete, eta programatzaileentzat aurrerago zabalduko dute horretarako aukera.
Bestetik, Zu Non, Han DA! egitasmoa ere azokaren aurretik abiatuko da Euskal Herriko liburu dendetan, eta liburu aurkezpenak ere aurreko bi asteetan egingo dituzte. Orain arte, azoka amaitu ostean egiten izan dute, baina oraingoan aurreratu egin dute data, eta dagoeneko parte hartzeko inskripzioa egin dezakete bai dendariek, bai sortzaileek.
Ikasle Goiza.
Sortzaileak ez eze, ikasleak ere izaten dira Durangoko Azokaren lehen eguneko protagonistak, eta aurten ere Ikasle Goiza izango da lehen egunean (abenduak 5). Bertaratu gura duten ikastetxeek ere webgunean izena emateko aukera dute gaurtik (irailak 15) urriaren 6ra bitartean.
Azoka bisitatzeaz aparte, tailerretan parte hartu ahal izango dute ikasleek zein irakasleek. Izan ere, goiz horretako egitaraua ikasleei eta irakasleei zuzendutakoa da, baina Landako Guneko ateak publiko orokorrarentzat ere zabalik egongo direla zehaztu dute, ohi modura.
Gainera, gogoratu dute, azoka aurretik, PortaDA erronka ere aktiatuko dutela ikastetxeetan, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Kasu horretan azokara joango ez diren ikastetxeek ere parte hartuko ahalko dute, euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortzeko erronkari aurre eginez.