'Herri txikiak bizirik!' aldarria lehen lerrora ekarri dute Santa Eufemi jaietan
Santa Eufemi jaiak hasi dituzte gaur [irailak 16] aulestiarrek. Gaurkoa pasata, irailaren19an eta 21ean emango diote jarraipena jaiei.
Gaurko [irailak 16] egunagaz eman diote hasiera Santa Eufemi jaiei aulestiarrek, eta barikuan [irailak 19] eta domekan [irailak 21] emango diote jarraipena. 13:30ean zelaia hartu eta Herri txikiak bizirik! lelopean elkarretaratzea egin dute.Â
Gaurkoan, Urregarai zelaian batu dira ume zein nagusi. 11:00etan ume eta gaztetxoentzako bola joko topaketak egon dira, eta 12:00etan meza izan dute goiko zelaian. Gainera, egun osoan, Ibiriren poniak egon dira zelaian.
13:30ak jo orduko atera dute Herritarrok egunero arriskuan bide honetan. Herri txikiak bizirik! leloa idatzita zeukan pankarta, eta inguruan zegoen jende guztia haren atzean jarri da. Herri txikiak bizirik! plataformako kide batek hitza hartu, eta kronograma bat eginez azaldu du errepidearen auzia: “Markina-Xemeinera joateko aulestiarron aukera bakarra auto partikularrez joatea da, eta errepidea oso estua da. Bide honetatik egunero herriko 60 langile inguru dabiltza joan-etorrian. Gainera, harrobiak bidearen magalean kokatzen dira, eta kamioi astunen joan-etorria handia da”. Iazko irailean plataformak prentsaurrekoa deitu zuen, eta ordutik, 1.417 sinadura batu zituen, Markina-Xemeinerako bidea zabaltzeko edo konpontzeko eskatuz. “Sinadura guztiak Bizkaiko Foru Aldundiari bidali genizkion, herritarren artean dagoen kezka ikusi dezaten. Azken aldian birritan izan dira inguruko udaletako ordezkariak aldundian. Lehenengo 2024ko apirilean, Markina-Xemeingo eta Aulestiko ordezkariak joan ziren, plataforma sortu aurretik”.
Aurretiaz zegoen aurreproiektu bati buruz hitz egitera joan ziren, eta ez zekitela zertaz ari ziren erantzun zien. Beraz, abenduan, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Garapenerako zuzendari nagusia den Aitor Atutxagaz batu diren plataformako kideak, eta baita Aulestiko eta Gizaburuagako alkateak ere: “Bilera horretan argi geratu zitzaigun ez zeudela prest errepide osoa foru arauetara egokitzeko. Argi esan ziguten aurrekontu handia daukala, eta ez zutela proiektua egingo. Hala, proposatu ziguten hobekuntza premia gehien daukan errepide zatiak identifikatzeko”.Â
Herritarren, autobus gidarien, eta harrobikoen laguntzagaz identifikatu zituzten arriskutsuenak ziren puntuak: “Aulestiko eta Markina-Xemeingo udaletako teknikariak dabiltza aldundian aurkezteko txostena osatzen. Datozen hilabeteetan, udal ordezkariak Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Garapeneko zuzendari nagusiarengana joango dira txostena aurkeztera, eta honekin, benetan espero dugu aldundiak proiektu erreal bat aurkeztea, gaur egungo bidea hobetu eta Aulestirako joan-etorriak erosoagoak eta batez ere seguruagoak izan daitezen”. Hala ere, Herri txikiak bizirik plataformatik borrokan jarraituko dutela argi adierazi dute.
Aldarrikapenak mahaigaineratu ondoren, arratsaldean jarraipena emango diote egitarauari. 16:30ean ume eta gaztetxoen txapel jaurtiketa izango dute, eta 18:00etan, nagusiena. Gainera, eguerditik hasita Izarra eta Gorka trikitilariek girotuko dute txokoa, eta 20:30ean Trikidantz erromeria egongo da.Â
Barikuan emango diote jarraipena, Hofe, Marte Lasarte eta DJ Alloxeletsekin, eta domekan, egun guztiko jaia izango dute. Gainera, aldarririk ez da faltako. Izan ere, Euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute.Â