Mikele Sotil Etxabe: "Artearekin jolasteko teknika eta moduak erakusten ditut"
Artearen diziplina ezberdinek badute puntu berbera, eta hori Sormen Lantegia da. Mikele Sotil Etxabe artista etxebarritarrak duela lau urte hartu zuen Sormen Lantegiaren ardura, eta ordutik, artearekin jolasteko aukera ematen die ume, gazte nahiz nagusiei.

Mikele Sotil Etxabe etxebarritarrak artearekiko lotura txikitatik sentitu izan du. Zine munduan lanean hasi bazen ere, haren benetako pasioa ezagutu, eta artera dedikatzeko hautua hartu zuen. Bere artea sortu eta erakusketak egiteaz gain, duela lau urtetik artearen ertz ugari erakusten dihardu Lea-Artibaiko hainbat tokitan, Sormen Lantegiaren bitartez.
Zer da Sormen Lantegia? Nondik dator?
Hamar urte betetzen dituen elkartea da gaur egun. Nereak eta Deienek sortu zuten 2015ean, baina elkarte modura sortu zena apur bat ahul geratu zen pandemiarekin. Hala, niri galdetu zidaten ea jarraitu nahiko nukeen, eta erreleboa hartu nien. Artearekin jolasteko teknikak eta moduak erakusteko tailerrak dira, azken finean; etortzen direnek ezagutu dezaten zenbat aukera dauden, zenbat diziplina, zenbat kontzeptu… Eta, era berean, balore desberdinak ere lantzen ditugu.
Edonor joan daiteke?
Asteburuetan, 4 urtetik gorakoentzako tailerrak izaten dira, eta aste barruan, 3 urtetik aurrerakoentzat. Izan ere, aste barruan datozenek ikasturte osoa egiten dute nirekin, eta alderdi gehiago lantzeko aukera daukagu, esaterako, psikomotrizitatea. Tailer puntualetarako, ostera, 3 urte dituztenak txikiegiak dira oraindik.
Zein adinetakoak joan ohi dira tailerretara?
Ume edo gazteei zuzendutako tailerretan, 10 urte ingurutik aurrera utzi egiten dute, eta pena da. Ze, badirudi garrantzitsuagoak direla ingelesa, futbola edo matematika. Horregatik, ume eta gazteei dagokienez, hortik beherakoak etortzen dira. Horrez gain, aritzen naiz aniztasun funtzionala dutenekin ere, Gorabide eta Izarbidean taldeekin, eta hor etortzen dira nagusiagoak ere; 30 urte ingurukoa da gazteena eta 77 urtekoa nagusiena.
Zer lantzen duzu eurekin?
Denetarik. Sormen Lantegi moduan nik dena ulertzen dut, eta, beraz, diziplina anitzak lantzen ditugu. Eskulturak egin, argiekin jolastu, belarritakoak egin, margotu… Denetarik. Gorabide taldekoekin Uhagonen aritzen naiz, eta Izarbideanekoekin, Arte Eskolan.
Adin tarte zabala eta anitza, beraz.
Bai. Nerabeetan nabaritzen dut hutsunea, ze, umeak baditut eta nagusiagoak ere bai. Pintura tailerrean 20 urte ingurukoren bat ere badaukat, baita jubilatuak ere. Oso polita da aniztasun hori edukitzea, ikuspegi guztietatik.
Lan asko eskatzen du?
Bai. Pertsona bakoitzak bere joerak, moduak eta gaitasunak ditu, eta beraz, erronka bat da. Erronka, baina polita. Polita da ikustea proposamen bati zelan erantzuten dion bakoitzak, ze, libre dira nahi dutena egiteko.
Bidean aurrera zoaz. 2024ko amaieran Lea-Artibai Fundazioaren gazteek sortutako negozio ideiaren saria lortu zenuen. Zelan sentiarazi zintuen sari hura irabazteak?
Niretzat jauzi bat bezala izan da, autonomoa izateko benetako jauzia. Ni zinema munduan hasi nintzen lanean, baina mundu hau ezagutu nuenean, hau egin nahi nuela jakin nuen. Eta horren aldeko apustua egitea erabaki nuen, autonomoa izateko. Ez da erraza, eta errekonozimendua jasotzea pozgarria izan zen.
Artera dedikatzea zaila dela esan ohi da sarri. Zelan bizi duzu hori zuk?
Bada, ez da erraza, baina horrenbeste plazer ematen dit honetara dedikatzeak… Asko ematen dit arteak. Badakit honetara dedikatu nahi dudala, itzela da ikasleen aurrerapenak ikustea. Umeekin teknika desberdinekin jolastea asko gustatzen zait, esaterako. Aniztasun funtzionala dutenekin, aldiz, mundu berri bat ezagutu dut, asko gustatu zaidana.
Sormen Lantegiagaz erakusketak egin dituzu aurten, ezta?
Bai, aurten Gorabide, Izarbidean eta Sormen Lantegian egindako lanen erakusketak egin nahi nituen, eta ekainean egin genituen, Uhagonen.
Zeure lanen erakusketak ere egiten dituzu?
Bai, hala da. Zilarra-Urrea izeneko erakusketa da egin dudan azkenengoa. Hainbat artista ginen: Nueva Delhiko hamar, Londresko hamar eta euskaldunak beste hamar. Arrieta herrian erakusketa kolektiboa egin zen, arte komisario baten bitartez. Iazko udan Arrietan egon ostean, joan den azaroan Londresen egon zen. Beste hainbat erakusketa egin izan ditut, eta horien artean azkena pandemia garaian izan zen. Orain sortzen ari naiz, eta beste bat egiteko gogoa ere badaukat.
Orain dela lau urte hasi zinen Sormen Lantegiagaz. Aurrera begira, ze asmo daukazu?
Gustatuko litzaidake horrela jarraitzea, baina bi alderdi landu nahi ditut. Batetik, nerabeekin gehiago lan egin nahiko nuke, eta bestetik, zaharren egoitzetan ere tailerrak ematea gustatuko litzaidake; uste dut adin tarte horretan aukera handia dagoela. Helduak askotan alde batera uzten ditugu, eta ahaztu egiten gara ikasten jarraitu dezakegula, adina dena delakoa izanda ere. Gainera, frogatuta dago neuroplastikotasuna hil arteko zerbait dela, eta ekarpen asko egin ditzakeela.
Sormen Lantegiagaz batera, Arte Eskola ere martxan dago. Ikasturte honetan hainbat tailer egongo dira aukeran, ezta?
Bai; tailer denetarako izen emateak zabalik daude. Sormen Lantegiarekin 3-8 urte bitartekoentzako sormenarekin jolasteko tailerra emango dugu eta 8-12 urte bitartekoentzako, berriz, marrazketa, pintura eta eskultura tailerra. Arte Eskola ere martxan egongo da, eta zeramika eta pintura klaseak emango ditugu. Zeramikari dagokionez, bi adin tartetan banatu dugu: 10-15 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoak. Pintura klaseak 16 urtetik gorakoentzako izango dira, eta bi talde egongo dira: martitzenetakoa eta eguaztenetakoa.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.