Eñaut Urreisti-Thibault Basque eta Oihana Sorozabal-Arai Lejardi bikoteek Jai Alai Ligaren Lauko Finalaren finalaurrekoa irabazi dute, Johan Sorozabal-Unai Lekerika eta Ihart Arakistain-Frida Watkins bikoteak menpean hartuta.
Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Thibault Basque bidartarrak Jai Alai Liga poltsikoratzeko hautagaitza indartsua plazaratu dute. Lauko Finalaren lehendabiziko finalaurrekoa jokatu zuten atzo [irailak 15] Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan, eta ez zuten arerioentzako apurrik txikiena ere utzi. Aurrez aurre maila handiko aurkariak eduki zituzten gipuzkoarrak eta lapurtarrak: Johan Sorozabal miarriztarra eta Unai Lekerika gernika-lumotarra, baina gaualdian distira egin ahal izan zuten bakarrak Urreisti eta Basque izan ziren.
Mutrikuarrari hoberen egokitzen zaion bertutea, errematea, zukutzeko plaza nahiz egoera bikainak suertatu zitzaizkion finalerdian: frontoi luzea eta Lekerikaren eskumakada bortitzak mugatzen zituen material motela. Gernika-lumotar atzelaria defentsa lanetara mugatu behar izan baldin bazen, mutrikuarrak atoan jo zuen erasora. Lehiaren lehen txanpa berdindua izan zen oso, eta Sorozabal eta Lekerika 4 eta 2 aurretik joatera iritsi ziren. Bosna berdindu arte, Urreistiri eta Basqueri gogotik sufritzea egokitu zitzaien, baina, behin berdinketa hura atzean lagata, partidua beraien erritmora moldatu zuten. Lekerika defentsara behartuta eta Sorozabalen errebote gaitzak bilatuz, Urreistik bere legea ezarri zuen aurrealdeko koadroetan, eta 11 eta 15eko markagailuarekin lortu zuten lehen seta moreek.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bikote marroiari egoera iraultzea zegokion bigarrena hastean, baina
ez zen posible izan. Urreistik eta Basquek mailari eutsi zioten, baita handitu ere. Bidartar atzelariak errebote oso gaitzak eroan zituen, eta mutrikuar aurrelariari behar zituen baldintza denak utzi zizkion, erremata zedin. Sorozabalek eta Lekerikak, gogotik saiatuta ere, ez zuten markagailuan agintzeko betarik eduki. Bikote moreak 0 eta 5, 2 eta 7, 5 eta 13, 6 eta 14 eta, azkenik,
6 eta 15 agindu zuen. Mahai gainean hautagaitza kolpe handia jo zuten, hilaren 29ko finalari begira.
Aritz-Erkiaga-Gorka Sorozabal edota
Xabier Barandika-Imanol Lopez bikoteak izango dituzte arerio azken agertokian.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Azken hasperenean, finalera.
Emakumezkoen finalerdiari dagokionez, gizonezkoena baino estuagoa izan zen. Oihana Sorozabal miarriztarrak eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak zazpi aldiz berdindu zuten lehen setean Ihart Arakistain sopeloztarraren eta Frida Watkins zumaiarraren aurka: bina, hiruna, bosna, seina, zazpina, zortzina eta bederatzina.
Lejardik ohiko maila handia kantxaratu zuen, baina azpimarragarria izan zen Sorozabalen jarrera; pilotakada indartsuak jaurti zituen atzean nahiz aurrean, eta saihetsez distiratsu errematatu. Maila hark lehen seta 11 eta 15ekoarekin poltsikoratzea ahalbidetu zien. Bigarrenean, baina, Arakistainek eta Watkinsek ez zuten amore eman: 4 eta 8 atzetik joanagatik ere, 8 eta 10era hurreratu ziren, eta markagailua iraultzea lortu zuten, 12 eta 11 aurrea hartuz. Azkenean, sopeloztarra eta zumaiarra 15 eta 12 nagusitu ziren. Finalerako sailkapena bost tantotara jokatuko zuten, beraz.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Azken seta hil ala bizikoa izan zen. Bana, bina eta hiruna berdindu zuten lehenik, Lejardik zabaletara pilotakada gaitz bat sartu eta tantoa egin arte. Hura izan zen finalaurrekoaren gakoa, bikote zuriari azken tantoa ere eman ziona. Sorozabal eta Lejardi 3 eta 5 gailendu ziren, eta haiek ere hurrengo astean jakingo dute azken agertokian nortzuk izango dituzten aurrez aurre: Maite Ortiz de Mendibil-Maialen Aldazabal edota Elaia Gogenola-Maia Goikoetxea dira aukerak.