Arte eszenikoak erdigunean jarriz, egun guztiko egitaraua antolatu du Ondarroako Gazte Asanbladak
Domekan [irailak 21] izango dute hitzordua arte eszenikoekin. Eguna dantza garakideko tailerrarekin hasiko dute.
Arte eszenikoa lehen lerrora ekarrita emango diote hasiera ikasturteari Ondarroako Gazte Asanbladako kideek. Izan ere, uda osoko jardunaren osteko atsedenaren ondoren, “indartsu” dator asanblada. Hala, arte eszenikoa erdigunean jartzearen beharra azpimarratu dute asanbladatik: “Musika eta kontzertuak ohikoak dira gaztetxeetan, baina arte eszenikoen formatua askotan ez dago gaztetxeen azpiegiturara moldatuta, ezta alderantziz ere. Ondorioz, arte eszenikoari lotutako eskaintza gutxi dago gaztetxeetan, eta gazteok ez ditugu gogoan izaten. Beraz, asanbladatik arte eszenikoak, batez ere datza eta antzerkia, erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu ondoren, egun guztiko eskaintza antolatu dugu”.
Zentzu horretan, goizetik iluntzera arteko egitaraua egongo da domekan Ondarroan. Goizean dantza garaikideko tailerragaz hasiko dute eguna Guzur Etxean, eta ondoren, mahaingurua egongo da gaztetxean: “Eguna izaera politikoz bustitzeko, arte eszenikoen potentzialtasun politikoari buruz hausnartuko dugu mahainguru formatuan. Bertan, Euskal Herriko leku ezberdinetatik etorriko diren hiru artistek hartuko dute parte”.
Eguerdian, gaztetxean batuko dira bazkaltzeko, eta ostean, bi ikuskizun egongo dira; batetik, Nabiga Kolektiboaren Nundik abiatu inora antzezlana, eta bestetik, Enbata-Aldizkari Bizia kolektiboaren Enbata Urraska lana. Lehenengoa, 17:00etan hasiko da Latxanbre Enparantzan, eta bigarrena, gaztetxean egongo da, Nabiga Kolektiboaren antzezlana amaitu ondoren. “Adin guztietako herritarrak parte hartzera animatzen digutu, gutxitan izaten baita kalean mota honetako eskaintza kulturalaz gozatzeko aukera”.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, goizeko dantza tailerrean eta bazkarian izena eman beharko da Ondarroako Gaztetxearen sare sozialetatik zabaldutako galdetegian. Barikura [irailak 19] arte egongo da aukera apuntatzeko.
EGITARAUA
- 10:00. Dantza garaikideko tailerra, Guzur Etxean.
- 12:00. Mahaingurua: Arte eszenikoen potentzialtasun politikoa gaur egun. Gaztetxean
- 14:30. Bazkaria, gaztetxean.
- 17:00. Nabiga Kolektiboaren Nundik abiatu inora antzezlana, Latxanbe Enparantzan.
- Ondoren. Enbata-Aldizkari Biziaren eskutik Enbata Urraska antzezlana, gaztetxean.