Atain, Hondarribiko finalaren atarian
Hondarribiko Grand Slama bariku honetan [irailak 19] iritsiko da azken fasera: final handia. Azken agertoki horretan, gainera, Lea-Artibaiko ordezkaritza egongo da Jostaldi pilotalekuan: Gorka Mugartegi Atain puntista markina-xemeindarrak finala jokatuko du, Bixente Gonzalez miarriztarrarekin batera, 20:00retan hasita. Finalerako txartela erabateko merezimenduz lortu zuten iragan barikuan, iazko garaileetako bat, Jokin Arbe markina-xemeindarra, eta Ortzi Aldazabal Argoitia berriatuar gaztea menpean hartuta. Ligaxka fasean garaipen bi poltsikoratu ahal izan zituzten Arbek eta Argoitiak, eta finalerdiei begira hautagaitza lepotan zuten, baina azkenean Gonzalezen eta Atainen aldera jo zuen finalaurrekoak.
Beste finalistek, baina, ez dute ahuntzaren gauerdiko eztularen pareko bikotea osatuko. Izan ere, Alex Hormaetxea bermeotarrak eta Ruben Bailo noaindarrak maila handiko binomioa osatzen dutela frogatu dute lehiaketa osoan zehar. Erik Mendizabal beterano mutrikuarra eta txapelketaren izarretako bat, etxeko puntista Oier Kanpandegi hondarribitarra, finalaurrekoan garaitu ondoren eskuratu ahal izan zuten Hormaetxeak eta Bailok finalerako sailkapena.
Jai Aliveko antolakuntzak aurreratu duenaren arabera, enpresaren web orrialdera jo beharra dago, finalerako sarrerak eskuratzeko. Ez hori bakarrik: Arma Plazan kokatutako Turismo Bulegoan ere lor daitezke. Horrez gain, final handia EITBk emango duela aditzera eman dute.