Lekeitiora itzuliko da Irailekoak poesia jaialdia
Irailaren 26an, 27an eta 28an izango da aurten jaialdia, eta poesian aberriaren gaia zelan landu den aztertuko dute.
Euskaltzaindiak 2023an antolatu zuen lehenengoz Irailekoak poesia jaialdia. Lekeition egin zuten hura, eta iaz Itsasun (Lapurdi) egin ostean, aurten berriro ere Lekeitiok hartuko du jaialdia. Lekeitioko Udalaren babesagaz, irailaren 26tik 28ra bitarteko egitaraua prestatu dute. «Jardunaldi hauek paregabeak dira euskal poesiaren tradizioa eta gaurkotasuna hobeto ezagutzeko eta gure hizkuntza eta kultura bizi-bizi mantentzen laguntzen duten sortzaile eta adituen lana balioan jartzeko», azpimarratu du Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak.
Euskaraz egiten den literatura «hauspotzeko» asmoarekin antolatzen dute jaialdia, «Euskararen Akademiak literaturari dion atxikimendua adierazte aldera». Nabarmendu dutenez, atxikimendua adierazteagaz batera, Euskal Herrian antolatzen diren literatura jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdiak: «Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdiaren aurtengo edizioan. Poesian aberriaren gaia zelan jorratu den aztertuko da».
Euskal poeten lana gizarteratzea helburutzat hartuta, zenbait hitzaldi, irakurraldi eta errezitaldi eskainiko dituzte, bertoko nahiz beste toki batzuetako poeten parte hartzeagaz. Era berean, beste kultura adierazpide batzuk ere uztartuko dituztela iragarri dute. «Helburuak hasierakoak dira: euskal poesia sustatu eta euskal poetei plaza erakargarri bat eskaini beraien lanak ezagutarazteko», adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Formol taldearen Heriotzak Eduardo du izena «poesia ez-errezitaldiarekin» emango diote hasiera jaialdiari, irailaren 26an; Ikusgarri zineman izango da, 20:30ean. «Esperimentu bat da, soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartzen dituena».
Eusebio Erkiaga omenduz. Irailaren 27an, Hedoi Etxartek Aberri galduen bila hitzaldia emango du, 11:00etan, Rekreatiba elkartean. Ostean, Xabat Galletebeitia bertsolari lekeitiarragaz, Eusebio Erkiaga lekeitiar idazle eta euskaltzainaren omenezko plaka ipiniko dute. Goizeko jarduna Nabilek eta Tokik musikaz akonpainatutako Txomin Hegi, Gotzon Barandiaran eta Ane Labakaren irakurraldiagaz amaituko da.
Arratsaldean ibilaldi poetikoa eskainiko dute Leire Vargas, Iker Aranberri, Raquel Pardo, Edu Zelaieta eta Luzien Etxezaharretak, Esther Gabiolaren musikagaz. Bigarren eguna ixteko, Rifqa: honengatik egiten dugu dantza! errezitaldi musikatua egongo da, Eider Beobide, Xalba Ramirez eta Peru Galbeteren eskutik.
Jaialdiaren azken egunean, Chus Pato eta Miriam Reyesen emanaldi bikoitza egongo da. 11:00etan Danele Sarriugartek elkarrizketatuko ditu biak, eta 12:30ean Sonora ikuskizun poetikoa eskainiko dute.
Miren Agur Meabe euskaltzain oso lekeitiarrak poesiaren indarra eta aberastasuna goraipatu du: «Poesiara hurbiltzea denona den ondare immaterial deskriba ezina ukitzea da, eta ondare horri, aldi berean, gu ukitzen uztea. Era askotara egin daiteke hori: panorama orokorrak eskainiz, joera berriei buruzko gogoeta eginez, honako eta halako egikerak kontrastatuz, poesiaren eta beste adierazpide batzuen arteko disziplina artekotasuna aztertuz, hizkuntza gutxituetan idazten duten sortzaileen ahotsak entzunez eta abar. Hori dena bildu nahi izan dugu Irailekoak-en».
Egitaraua.
- Irailak 26, barikua.
- 20:30. Heriotzak Eduardo du izena (Formol taldea), Ikusgarri zinema aretoan.
- Irailak 27, zapatua.
- 11:00. Aberri galduen bila hitzaldia (Hedoi Etxarte), Rekreatiba elkartean.
- 12:15. Eusebio Erkiagaren omenezko plaka jartzea, Eliz atean, Xabat Galletebeitia bertsolariarekin.
- 13:00. Irakurraldia: Txomin Hegi, Gotzon Barandiaran eta Ane Labaka. Musikariak: Nabil eta Toki. San Juan Talakon.
- 18:00. Ibilaldi poetikoa, Leire Vargas, Iker Aranberri, Raquel Pardo, Edu Zelaieta eta Luzien Etxezaharreta, Esther Gabiola musikariagaz, Abaroa parketik hasita Mareaerrotara.
- 19:30. Rifqa: honengatik egiten dugu dantza errezitaldi musikatua, Eider Beobide, Xalba Ramirez eta Peru Galbete, Mareaerrotan.
- Irailak 28, domeka.
- 11:00. Chus Pato eta Miriam Reyesi elkarrizketa, Danele Sarriugartek gidatuta, Rekreatiba elkartean.
- 12:30. Sonora ikuskizun poetikoa, Chus Pato eta Miriam Reyes, Rekreatiba elkartean.