Markina-Xemeingo hiri arkeologia ezagutzeko bi bisita gidatu egingo dituzte
Bisitak urriaren 4an eta 18an egingo dituzte, eta izena eman behar da joateko.
Markina-Xemeingo hirigune historikoko arkitektura eta hiri arkeologia ezagutzeko aukera egongo da urrian. Markina-Xemeingo Udalak antolatuta, Ondare Babesa arkeologia enpresak bi bisita gidatu emango ditu, bata urriaren 4an eta bestea urriaren 18an.
Bi bisitak berberak izango dira, eta 18:00etan hasi eta ordubeteko saioa izango da. Udaletxe aurretik hasiko da bisita, eta herriko mugarri arkitektoniko, urbanistiko eta historiko nagusiak azalduko dituzte: “90eko hamarkadatik Markina-Xemeingo hirigune historikoan egindako arkeologia-lanek XIV. mendearen erdialdean sortutako hiribilduari ezagutza historiko berria sortzen lagundu diote. Esku-hartze arkeologiko horiek berriki aztertu dira une honetan alde zaharrean egiten ari diren lanek eragindako hiri-arkeologiako proiektuan”. Bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute ondarebabesa@ondarebabesa.com helbidera idatziz.