Zuhaitz sendo orok baitu sustrai sakona
Ireder Angulo Elexpek Mañaritik Atxetara maratoia lehiatuko du bihar [irailak 19]. Distantzia luzeetan trebatzen ari da munitibartarra, eta aurten ultradistantzian debuta egingo du: urriaren 11n Hiru Handiak-en irteeran egongo da. Besteak beste, Angulo aurten bigarrena izan da Oizko Ermitara Igoera Bertikalean, etxeko proban, eta berriki Mendata Ezagutuz maratoian.
Etxeko atetik irten orduko, Ireder Angulo Elexpe mendian egon izan da betidanik. Sehaska eta bidezidorra toki berbera diren familian hazi eta hezi izan da mendi korrikalari munitibartarra. Aita ere lasterkaria du, eta ume-umetatik jaso du mendiarekiko zaletasuna, mendiaren deia.
Bere lehen oroitzapenak Durangaldean errotuak ditu: “Inguru horretako bazterrak buruz dakizkit; haurra nintzenetik joan izan naiz, bertan sortu zen nire mendizaletasuna”. Sortzez durangarra izanik ere Munitibarren bizi da egun, eta bertako mendi bide oro ere ederto zukutua du, baina “bestelako abiaduran”. Oinez aritzetik, korrika egitera igaro da, eta zelan, gainera: “Lasterka egiteak askatasun sentsazioa ematen dit, edonora heldu naitekeela sentitzen dut”.
“Desesperazioa”. Gomuta hori du Angulok, lehen lasterketez oroitzean. Mendiak ez du barkatzen. “Akorduan dut lehen proba Lemoatx Trail izan zela; eguraldi eskasagaz lehiatu, eta sufritu besterik ez nuen egin”, dio. Ordutik, hamaikatxo lasterketa zein entrenamendu egin ditu euripean: “Mendiak horixe du”.
Ingurugiro horretan aringa-aringa egiteak “asko” du norbere gorputzaren ezagutzatik: “Abiadura hartu ahala, zure gorputza hobeto ezagutzen hasten zara, baina beti ez da hain erraza; niri aitak lagundu izan dit ezagutza prozesu horretan”. Edozelan ere, aitarena ez da gogora datorkion erreferente bakarra: “Asko ikasi dut Oihana Azkorbeitiarengandik, eta Ainara Arkarazo ere ez nuke ahaztu gura”.

Ireder Angulo, eskuman, Arrolapeko taldekideekin, Etxera Traileko helmuga harrapatuz.
Gaur-gaurkoz, oraindik abiadura hartzeaz mintzo den arren, Angulo makina betean gora egiten ari da. Bere prestakuntza da horren atzean ostendutako arrazoi nagusia: “Seriotasunez ari naiz lanean, betiere burua galdu barik. Lehiaketen ikasturtea Zestoan hasi nuen, eta dezente atera zitzaidan; hark motibazio handia eman zidan, eta garaipenak iristen hasi ziren, lanaren ordainsari. Emaitzak lortzeko gai nintzela ikusita, udan behar handia egin nuen entrenamenduetan”.
“Egunerokoa eta entrenamendua ezkontzea ez dira beti errazak, baina, pazientziaz eta dedikazioz, lorgarria da”
Prestakuntzari dagokionez, sinpletasunean topatzen du eraginkortasuna. “Elikaduraren kasuan, adibidez, ez dut profesional bategaz lan egiten, baina egunero jaten dudanari aditasuna ipintzen saiatzen naiz; sarritan, nahikoa izan ohi da gauzarik soilenak ondo egitea, emaitzak ikusteko”. Entrenamendu saioekin, beste hainbeste: “Nik lana eta prestakuntza uztartzen ditut; eguerdietan jotzen dut mendira, bazkalorduko atsedenaldia tetrisa bailitzan egokituz. Egunerokoa eta entrenamendua ezkontzea ez dira beti errazak, baina, pazientziaz eta dedikazioz, lorgarria da”.
Bestalde, maiz erreparatzen ez zaion alderdietako bat nabarmendu du korrikalariak: atsedena. Entrenamendua “bezainbesteko garrantzitsua” dela azpimarratuta, egindako lana “asimilatzeak” duen esangura plazaratu du: “Batetik, uste dut denetarako faseak daudela, izan gogor entrenatzeko, izan lan hori guztia barneratzeko; bestetik, berebiziko garrantzia du lasterketetan norbere erritmoa zein den ezagutzeak; puntutik ateraz gero, erraza da lehertzea eta aurrera egin ezinda geratzea”. Gorputzari eta buruari atsedena eman asmoz, mendiak zuriz janzten direnean, mendiko zapatilak eskiengatik ordezkatzen ditu Angulok: “Neguko hilabeteetan deskonektatzeko modua dut, umetatik eskiaren zale sutsua izan bainaiz”.

Angulo, eskuman, II. Oizko Ermitara Igoera Bertikalean bigarren.Txebi Arriaga
«Ateak ireki zituztenekin».
Munitibartarraren ibilbideko mugarrietako bat Arrolape Mendi Klubera sartzea izan zen. Lasterketaz lasterketa arrolapetarrak «nonahi» ikusten zituenez, adiskide batzuen laguntzaz murgildu zen taldean, eta “ezin pozago” ageri da erabaki hori hartu izanaz. Gainera, bada bereziki motibatu zuen arrazoi bat ere: emakumezkoen presentzia. “Mendi lasterketetan genero arrakala apaltzen ari da, baina oraindik badira emakumezko oso gutxi edo bat bera ere edukitzen ez dituzten probak. Arrolapen, badira duela hainbat urtetatik korrika ari diren emakume eskarmentudunak, bertoko emakumeei mendi lasterketen ateak ireki zizkietenak, eta ohorea da beraien alboan aritzea”.
“Inguruko herrietan emakume gehiago animatzen ari dira mendian lasterka egitera, eta hori, hein handi batean, Igoera Herrikoien Ligaren ondorioz gertatu da”
Egutegi kontuez galdetuta, distantzia aldaketa izango du jomuga aurten: “Etzi [irailak 19], Mañaritik Atxetara maratoia egingo dut, eta urriaren 11n Hiru Handiak ultramaratoia”. Aurten, besteak beste, Lea-Artibain eta Busturialdean antolatutako III. Igoera Herrikoien Ligan parte hartzen ari da. Hain zuzen ere, etxeko proban, II. Oizko Ermitara Igoera Bertikalean, Nora Narbaiza zaldibartarraren atzetik bigarren sailkatu zen; 1,1 kilometroko igoera bortitzean minutu bitan hobetu zuen lehen aldian egindako denbora erregistroa. Gustuko dituen arren, proba mota horiek beretzat “esplosiboegiak” dira.
Kirol kontuez harago, munitibartarrak liga herrikoi hori “saretzeko tresna bikaina” dela uste du: “Apurka-apurka inguruko herrietan emakume gehiago eta gehiago animatzen ari dira mendian lasterka egitera, eta hori, hein handi batean, lehiaketaren ondorioz gertatu da; alde horretatik, benetan pozgarria da, elkar ezagutzeko eta elkar eragiteko plaza sortzen baitu. Ligaren hurrengo lasterketa, Tontorramendira Igoera, hilaren 27an izango da eta, posible baldin badut, hango irteera lerroan ere izango naiz”.
Edozelan ere, Angulo distantzia luzeagoetan ere iaioa da. Berriki, XIX. Mendata Ezagutuz maratoian podiuma zapalduta iritsiko da Mañariko irteera lerrora: “Azken unean erabaki nuen Mendatan parte hartzea, eta esango nuke hautaketa bikaina izan zela. Dena dela, Durangaldeko lurraldea oso bestelakoa da”.
“OCC edota UTMB zirkuituko probaren bat lehiatzea egundokoa litzateke”
Urriaren 11n, sustraietara bueltatuko da, ultradistantziako bere lehen bizipenez gozatzeko: “Aitagaz batera egingo dut Hiru Handiak lasterketa. Beragaz hasi nintzen korrika, eta berezia izango da. Umetatik amestu dut beragaz tankerako lasterketa luze bat egitea; distantzia hori konpainiarik onenagaz deskubrituko dut”.
Amestea aipatuta, dastatu gura lukeen lasterketa zein den argi du: “Zegama-Aizkorriz dortsal bat soinean dudala gozatzea izugarria litzateke”. Are urrunago ere badoazkio asmoak: “OCC edota UTMB zirkuituko probaren bat lehiatzea egundokoa litzateke, 50 kilometro inguruko lasterketa batean onenen kontra eta ingurune ikusgarrietan aritzea”.
Momentuz, baina, hankak lurrean ditu. Etxetik hurreko lurretan, zehazki: “Neguan, eskiatzeko atsedenaldia hartuko dut, eta urtarrilean Etxera Trail lasterketagaz ekingo diot sasoiari; hortik aurrera hasiko da lasterketen zurrunbiloa”.