Astindu Topaketa eskualdeko gazte feministak saretzera dator
Zapatuan [irailak 20] Lea-Artibai eta Mutrikuko gazte feministen Astindu Topaketa egingo dute Markina-Xemeinen. Egun guztiko egitaraua antolatu dute.
Lea-Artibai eta Mutrikuko gazte feministak saretu eta elkartzea helburutzat hartuta, zapatuan [irailak 20] egun guztiko egitarauaz gozatzeko aukera egongo da Markina-Xemeinen. Izan ere, eskualdeko hainbat herritako gazte feministen taldeak elkartu, eta Astindu Topaketa antolatu dute; 11:30ean hasiko dute eguna, eta ez du etenik izango gauera arte.
Antolatzaileek adierazi dutenez, eskualdeko herrietan gazte feministen taldeak sortzeko helburuz, duela urte batzuk eskualde mailako jaialdi bat egin zuten: “Hortik sortu ziren Markina-Xemeingo Morelarre eta Ondarroako Diarrotsa, esaterako. Baina ikusi dugu beharra dagoela eskualde mailan gazte feministok gure artean saretzeko, eta hori da egun honen helburua. Jendea gazte feministetara batu, eta eskualde mailan indarra hartzen joan nahi dugu. Gainera, urriko azken asteburuan Euskal Herriko Gazte Feministen Baterajotzea egingo da Zaldibarren, eta jendea bertara joatera ere animatu nahi dugu”. Hori horrela, emakume eta sexu-genero disidente diren denei luzatu diete Astindu Topaketara bertaratzeko gonbidapena.
Hala, 11:30ean hasiko dute eguna ongi etorriagaz, frontoian. Ostean, Baterajotzeko leloari keinu egin, eta Lea-Artibain, feminismoa lubaki mahaingurua egingo dute, 12:00etan: “Baterajotzearen nondik norakoak azalduko ditugu, eta baita gazte feministak nondik sortu diren eta aurtengo leloa hori izatearen arrazoia zein den ere”. Ostean, kontzertu akustikoa eskainiko dute Aiza eta Olatzek, eta marianitada egingo dute. Goizeko jardunari amaiera emateko 14:30ean bazkaltzeko elkartuko dira: “60 lagun inguru gara bazkarian, eta ostean, bertsoak egongo dira Irune Basagoitiren eta Araitz Katarainen eskutik”.
Bazkalostean karropoteoa eta jolasak egingo dituzte gaztetxera bidean, eta 20:00etan zumba saioa egongo da Bolomaren eskutik; aldi berean, tortilak eskainiko dituzte jateko. Egunari amaiera emateko, 21:00etan ekitaldia egingo dute, eta 22:00etan The Iiingles eta Txilixo MJ egongo dira.
Egitaraua.
- 11:30. Ongi etorria.
- 12:00. Lea-Artibain, feminismoa lubaki mahaingurua.
- 13:00. Marianitada eta kontzertu akustikoa: Aiza eta Olatz.
- 14:30. Bertso bazkaria: Irune Basagoiti eta Araitz Katarain.
- 18:00. Karropoteoa eta jolasak, gaztetxera bidean.
- 20:00. Zumba Bolomaren eskutik eta tortillak.
- 21:00. Ekitaldia.
- 22:00. The Iiingles eta Txilixo MJ.