Aurreikuspen guztiak gaindituta dator IX. Ondarru-Lekitto lasterketa
Muga beteta, 300 korrikalari hartuko ditu aurtengo lasterketak, inoizko gehien. 16 kilometroko lasterketa egingo dute korrikalariek, 17:00etan Ondarroatik hasita.

Urtetik urtera gero eta sendoago eta sustraituago dago korrikalarien artean Tximista Atletismo taldeak antolatzen duen Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketa, eta aurtengoa da horren erakusgarri. Zapatuan [irailak 20] Ondarroatik Lekeitiora bitarteko bidea egingo dute korrikalariek, eta antolatzaileek adierazi dutenez, aurreikuspen denak gainditu ditu aurtengo izen emateak: “Sorpresa oso atsegina izan da izen ematea 15 egun lehenago bete egin dela ikustea”.
Hala, guztira 300 izango dira Lea-Artibaiko kostaldea zeharkatuko duten korrikalariak, inoizko gehien. 17:00etan hasiko da 16 kilometroko lasterketa Ondarroako Itsasaurre plazan, eta Lekeitioko plazan amaituko da. Orain arte gehienez 250 korrikalarirentzako tokia egon da lasterketan, baina iaz kupoa beteta, aurtengoan 300era igotzea erabaki dute antolatzaileek, eta 15 egun lehenago bete egin da: “Oso pozgarria da, ze, horrek esan nahi du oso harrera ona daukala lasterketak. Itxaron zerrendan ere pila bat jende dago, eta horrek balio du apuntatu eta gero lesioren bat izan dutenek dirua errekuperatu eta itxaron zerrendatik jendea sartzeko”.
Alderdi horretatik pozgarria dela adierazi duten arren, penaz agertu dira kanpoan geratuko diren korrikalariengatik: “Pena da denek parte hartu ezin izatea, baina ikusi egin behar dugu 300eko kupo horrekin zelan moldatzen garen antolakuntza aldetik. Pausuz pausu joan behar gara, baina argi dagoena da lasterketa sendotu egin dela, eta jendea irrikaz egoten dela lasterketan parte hartzeko”.
Emakumeetan ere, inoizko parte hartzerik handiena egongo da: “Iaz 44 izan ziren emakumeak, ordura arteko gehien, baina aurten 65 inguru izango dira. Hori ere pozgarria da guretzat, ze, gure helburuetako bat hori ere bazen, nesken parte hartzea bultzatzea, eta aurten lortu dugula uste dugu”. Horien artean egongo da iaz lasterketa irabazi zuen Idoia Nogales ere.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Lea-Artibaiko korrikalari kopurua azken urteetako antzekoa izango da. Bizkaitik ere, jendea joango da lasterketan parte hartzera, baina baita hortik kanporakoak ere: “Ikusi duguna izan da aurten Bizkaitik kanporako jende mordoxka apuntatu dela, beste urte batzuetan baino gehiago”. Hala, korrikalari nahiz antolatzaileek lasterketaz gozatu dezaten, eguraldiari begira daudela aitortu dute.
Korrikalari fidelak. Hamar urteko ibilbidearen ostean, asko dira urterik urtera lasterketan parte hartu duten korrikalariak. Horien artean badaude bost, aldi denetan parte hartu dutenak, eta beste hainbat dira, behin edo beste huts egin arren, gainontzeko guztietan parte hartu dutenak: “Aurten ere bost korrikalari horiek izena emanda daude, eta beraz, zapatuan ikusiko ditugu. Urtez urte errepikatzen duten korrikalariak egonda tartean, uste dugu onarpena duela lasterketak, eta oso pozgarria da hori guretzat. Duela hamar urte esperimentu moduan hasi genuen bidea, eta ez genuen uste halako arrakasta edukiko zuenik”.
Lasterketa, baina, ez litzatekeen posible izango boluntariorik gabe, eta horiek egiten duten lana eskertu nahi izan dute. Aurten 120 boluntario inguru ariko dira lasterketan laguntzen: “Ondarroako irteeran, Lekeitioko helmugan, bidegurutzeetan, bizikletarekin eta motorrarekin lasterketan laguntzen dutenak nahiz beste hamaika ariko dira. Laguntza eskatzen dugu inguruan, eta beti erantzuten dute”.
Era berean, lasterketak eragin ditzakeen eragozpenen aurrean “pazientzia eta errespetua” eskatu dute: “Badakigu eragozpen batzuk egoten direla hainbatentzat, ze, errepidea moztu egin behar da. Horrek kalteak sortzen ditu, baina ez da denbora luzeko kontua izaten, eta pazientzia eta errespetua eskatzen ditugu”.