Bide ezbeharrak prebenitzeko nagusiei bideratutako saioa egongo da Ondarroan
Bideko arriskuak saihesteko 1000 aldiz begiratu kanpaina Ondarroara iritsiko da irailaren 24an [eguaztena].
Herriko nagusiek bidean dauzkaten arriskuak saihestea edo murrizten laguntzea helburu izanik, irailaren 24an [eguaztena] 1000 aldiz begiratu kanpaina Ondarroara iritsiko da. “Mugikortasuna funtsezkoa da adinekoen zahartzea aktiboa eta osasungarria izan dadin, adinekoen bizi kalitatea eta ongizate fisikoa zein psikosoziala hobetzen dituelako. Baina, aldi berean, mugikortasunak adinekoek arrisku gehiago izatea ere ekartzen du”, adierazi du Ondarroako Udalak.
Udaletik jakinarazi dute parte hartze saioa hiru dinamikatan banatuko dela, eta saioari amaiera emateko dekalogo bat osatuko dela, “gero herritar guztiek ikus dezaten argitaratuko dena”. Hala, kaleko jarduerak Alamedan egingo dira, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Saio parte hartzailea, berriz, Antiguako Ama elkartean egingo da, 17:30etik 19:00etara. Saioetan parte hartzeko Turismo Bulegoan eman beharko da izena.
Ekimena Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 22 herritan ari da aurrera eramaten, eta horietako bat da Ondarroa. “Saio honetan ekintzara goaz, erabakiak hartzera eta gure ekintzen eta joan-etorriak egiten ditugunean izaten ditugun jarreren erantzule egitera, bai oinezkoak garenean eta garraio publikoa erabiltzen dugunean, bai ibilgailu baten aginduetara jartzen garenean, motorduna izan ala ez. Hiru dinamika parte hartzaileren bidez, eta adinekoen egunerokotasun egoeretatik abiatuta, bide segurtasunaren alde egin dezakeguna ikusiko dugu, banaka zein taldean”, zehaztu dute antolatzaileek.