Bullet Teams Serieseko bigarren partidak jokatuko dituzte barikutik domekara
Talde gorria eta morea sartuko dira lehiara. Barikuan [irailak 19] nesken partidak jokatuko dituzte, eta zapatuan [irailak 20], mutilenak. Domekan [irailak 21] 12:00etan izango dira finalak.

Joan den asteburuan hasi zuten lehia Bullet Team Series txapelketan, eta bihartik [irailak 19] domekara [irailak 21] jokatuko dute bigarren jardunaldia. Barikuan nesken partidak eta zapatuan mutilenak jokatuko dituzte, 19:00etan, eta finala domekan izango da, 12:00etan.
Jon Zabala Bullet antolatzaileetako batek adierazi duenez, “partida politak” espero dituzte bigarren jardunaldi horretan. Bi talde berri sartuko dira lehiara, talde gorria eta talde morea, eta talde urdinak eta beltzak deskantsua edukiko dute.
Barikuan, alde batetik, talde zuriko Helena eta Arakistain ariko dira talde arroseko Maite eta Maiaren aurka, eta bestetik, Elaia eta Maialen (gorria) Naroaren eta Arairen (morea) aurka. Zapatuan mutilen txanda izango da: Bixente-Uranga (zuria) eta Txanika-Atain (arrosa) lehenengo, eta Cosme-Bailo (gorria) eta Zelaia-Oihenard (morea), ostean. Zabalak bertaratzeko deia luzatu die herritar nahiz inguruko pilotazaleei: “Esaterako, Oihenard dator, eta Markina-Xemeinen ez du asko jokatu, inoiz ez esatearren; ikusteko modukoa izango da euren partida. Bertoko puntistak ere badaude, eta horiei ikusi eta animatzera etortzea ere polita izango da”.
Lehenengo jardunaldia. Joan den barikuan [irailak 12] hasi zuten lehia, eta “partida ederrak” atera zirela adierazi du Zabalak: “Batez ere bigarren partida, talde arroseko Maite eta Maiaren eta talde beltzeko Erika eta Alizeren artekoa, sekulakoa izan zen; bigarrenek lortu zuten irabaztea. Lehenengo partida, berriz, talde urdineko Lur eta Frida talde zuriko Helena eta Iharten aurka izan zen, eta hor zuriek oso erraz irabazi zuten”. Lehenengo partidetara ikusle “espero baino gutxiago” joan zen arren, giro ederra egon zela esan dute antolatzaileek.
Zapatuan [irailak 13] kolore berdinek jokatu zuten, baina mutiletan: “Hor ere partida ederrak atera ziren. Arbe ordezkatu beharra egon zen, izan ere, lesionatu egin zen. Hala, bere partez Erik Mendizabalek jokatu zuen”. Mendizabalek Salegirekin osatu zuen bikotea (talde urdina) eta Bixenteren eta Urangaren (talde zuria) aurka aritu ziren: “Oso bikote segurua osatzen dute Mendizbalek eta Salegik, eta eurek lortu zuten irabaztea. Hala ere, besteek asko borrokatu zuten”. Jarraian Aaron-Argoitia bikotea (talde beltza) aritu zen Txanika-Atain (talde arrosa) bikotearen aurka, eta “oso partida ona” jokatu zuten laurek; azkenerako talde beltzak irabazi zuen.
Domekan jokatu zituzten finalak, eta nesketak Erikak eta Alizek (talde beltza) irabazi zuten, Lur eta Frida (talde urdina) mendean hartuta. Mutiletan, ostera, talde urdineko Mendizabalek eta Salegik “erraz” irabazi zuten partida, talde beltzeko Aaronen eta Argoitiaren aurka.
Hala, lehenengo jardunaldia amaituta, honela geratu da sailkapen orokorra taldeka:
- Talde beltza: 11 puntu.
- Talde urdina: 8 puntu.
- Talde zuria: 4 puntu.
- Talde arrosa: 2 puntu.