Hamargarren Txistu Eguna hartuko du Ondarroak zapatuan
Txistua balioan jartzea helburu izanik, hamargarren txistu eguna ospatuko dute zapatuan [irailak 20]. 24 txistulari ibiliko dira Ondarroako kaleetan zehar.

Txistu doinuek girotuko dute Ondarroa zapatuan [irailak 20], hamargarren Txistu Egunean. Euskal Herriko txoko ezberdinetako 24 txistulari batuko dira, eta txistua balioan jartzea helburu izanik, herriko kaleak alaituko dituzte: “Geroz eta gutxiago entzuten da txistua herrian, eta geroz eta jende gutxiagok jotzen duen musika tresna da. Beraz, egun honekin, herritarrengan txistu zaletasuna bultzatu, eta presentzia mantentzea da helburua. Izan ere, txistua balioan jarri nahi dugu, jendearengana hurbildu eta herritarrak txistu doinuarekin alaitu”.
Ondarroako zazpi txistulariez gain, Bilbo, Barakaldo, Soraluze eta Santurtzikoek osatuko dute zapatuko taldea. 12:00etan hasiko da kontzertu ibiltaria, herriko kaleak zeharkatuz: Iperkale, Kale Handi, Erribera eta Itsasaurre. “Kale bakoitzean geldialdia egingo dugu, eta bertan pieza bat baino gehiago joko ditugu. Erakutsi nahi duguna zera da, txistua ez dela soilik tradiziozko euskal abestiak jotzeko musika tresna; izan ere, aukera handia ematen du gaur eguneko abestiak jotzeko ere”.