Markina-Xemeingo Helduen Trikiti Txapelketari, agur
Arrazoi pertsonalak tarteko, Markina-Xemeingo Helduen Trikiti Txapelketako antolatzaileek atseden hartzea erabaki dute. Eskerrak eman nahi izan dizkiete bidelagun izandako guztiei.

Markina-Xemeingo Helduen Trikiti Txapelketako antolatzaileek jakitera eman dutenez, ia hamarkada baten ostean “ziklo bat ixteko garaia dela” erabaki dute: “Arrazoi pertsonalak tarteko, atseden hartzea erabaki dugu, baina bizitako guztiagatik harro eta eskertuta gaude”.
2017an boluntario talde txiki batek “ilusio handiz” antolatu zuen lehenengoz txapelketa, eta ordutik bi urtez behin Baserri Egunarekin batera Markina-Xemeingo Uni frontoiak punta-puntako trikitilari eta pandero jotzaileak hartu ditu. Ia hamarkada bat beteta, eta formatuak “ondo” funtzionatu eta “fruitu ugariak” ekarri dituen arren, ez jarraitzea erabaki dute antolatzaileek: “Ezerezetik sortu zen, baina, zuen parte hartzeari esker, bi urtetik behin elkartzeko eta gozatzeko aukera ederra izan dugu. Bidean harreman berriak sortu ditugu, momentu politak bizi eta trikitiak jendea batu eta ospakizunerako aitzakia ederra izaten jarraitu du”.
Hala, eskerrak eman nahi izan dizkiete bidelagun izan diren guztiei: “Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu urte hauetan parte hartu, lagundu eta babesa eman diguzuen guztioi, zuek gabe hau ezinezkoa izango zen-eta. Pozik eta bihotz betez esaten diogu agur txapelketari, sortutako giro eta dinamikek aurrera jarraituko duten esperantzarekin”.