Galbaixotarren egun "arrakastatsuarekin" esan diete agur Galbaixo jaiei
Antolatzaileak eguraldiaren kezkaz zeuden arren, azkenerako eguraldia lagun izan dute jaietako azken eguna ospatzeko. Besteren artean, argazki zaharren eta lanabesen erakusketa egin dute, eta Gure Ametsak dantza emanaldia eskaini du. Jaietako balorazio "oso ona" egin du Galbaixoko Jai Batzordeak.

Eguraldia lagun, Galbaixo jaiei amaiera eman zieten atzo [irailak 21] auzotarrek. Hain zuzen ere, Galbaixotarren Eguna ospatu zuten, eta antolatzaileek adierazi dutenez, “ezustean” jende ugari bertaratu zen auzora: “Aurreikusita zegoen eguraldiarekin ez genuen uste jende asko etorriko zenik, eta azkenean, nahikotxo elkartu ginen. Hori eskertzekoa da, bai herritarrei, eta baita auzotarrei ere”.
Hala, 12:00ak jotzearekin batera, hiru auzoetako hildakoen aldeko mezarekin hasi zuten eguna, eta ostean, auzoko V. argazki zaharren eta lanabesen erakusketa egon zen ikusgai ermita aurrean: “Arrakastatsua izan zen, jendeak oso-oso gustura hartu zuen. Hainbatek lanabesak ezagun izan zituzten, eurek erabiltzen zituzten tresnak zirelako, eta azalpen asko eman zizkiguten. Gogoz eta pozik hartu zuten erakusketa”.

Galbaixotarren Eguna ospatu dute Mutrikun.Galbaixoko Jai Batzordea
Erakusketaren erreleboa Gure Ametsa dantza taldeak hartu zuen, eta jende ugari elkartu zen plazan. Ostean, “giro ederrean” bazkaritarako elkartu, eta Julen Magoaren ikuskizuna egon zen ermitan: “Ermita umez bete zen, eta oso gustura egon ziren. Txokolate beroa ere hartu genuen, eta zezena nahiz poniak ere egon ziren”.
Aurtengo jaiak amaituta, Galbaixoko Jai Batzordeak jaien balorazio “oso ona” egin du, eta bertaratu diren herritar nahiz auzotarrei eskerrak eman dizkiete.Â






















































































































































































































































































































































































