"Giro ederrean" eman diote amaiera Santa Eufemi jaiei aulestiarrek
Antolatzaileek, orokorrean, Aulestiko Santa Eufemiajaien balorazio "ona" egin dute. Txapelketez betetako jaiak izan dira aurtengoak ere. 44. Ermitara igoera Amaiur Etxeandiak eta Xuban Muniozgurenek irabazi dute.

Martitzenean [irailak 16] eman zioten hasiera Aulestiko Santa Eufemia jaiei, eta barikuan [irailak 19] eta domekan [irailak 20] jarraitu zuten jai giroagaz gozatzen. Antolatzaileek jaien “balorazio ona” egin dute, batez ere, martitzena eta domekako egunena, zelaian jendea batu baitzen.Â
“Martitzea oso egun polita izan zen, eta oso ondo atera zen dena. Gainera, eguraldiak ere asko lagundu zuen, eta jende asko igo zen Santa Eufemira”. Ume zein nagusi, adin guztiei zuzendutako egitaraua egon zen Santa Eufemia egunean. “Aurreko urteetan poniak mugatutako espazio batean egoten ziren, baina aurten libre ibili dira eta askoz hobeto funtzionatu du”. Horrez gain, martitzenean, Herri Txikiak Bizirik! plataformak elkarretaratzea deitu zuen, eta jendetza batu zen pankarta atzean, Herritarrok egunero arriskuan bide honetan. Herri txikiak bizirik! lelopean. Jai guztietan kamisetak saltzen egon dira plataformako kideak.Â
Barikuan [irailak 19] musika izan zen protagonista Aulestin. Eguraldiak lagundu ez zuen arren, Hofe, Marte Lasarte eta Alloxelets igo ziren oholtza gainera.Â
Atzo [irailak 21] eman zioten amaiera aulestiarrek Santa Eufemia jaiei. Mezagaz hasi zuten eguna, 12:00etan, eta ondoren, Euskal Preso Politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten zelaian, Aulestiko preso eta iheslarien aldeko mugimenduak antolatuta. Ondoren, 13:30ean 44. Ermitara igoera egon zen, eta Amaiur Etxeandia zornotzarra eta Xuban Muniozguren markina-xemeindarra izan ziren irabazleak. Lehenengoak, 6 minutu eta 3 segundotan burutu zuen igoera, eta bigarrenak, 4 minutu eta 12 segundotan. Emakumezkoetan, Haizea Gerrikabeitiak (6:26) eskuratu zuen bigarren postua, Ziortza Barruetabeñak (6:30) hirugarrena, Irati Zabalak (6:35) laugarrena, eta Jare Guenagak (7:40) bosgarrena. Gizonezkoetan, Josu Urrutia ondarrutarrak lortu zuen bigarren saria, 4 minutu eta 20 segundoko markagailuagaz. Antxon Luango Zelaia izan zen hirugarren helmugaratu zena, eta Ibon Bilbao Arrien laugarrena. Bosgarren postua berriz, Unai Alberdik lortu zuen. Guztira 34 lagunek parte hartu zuten igoeran.Â
Txapelketez betetako eguna izan zen atzoko; izan ere, Ermitako igoera amaitu ondoren, 35. Irrintzi txapelketaren txanda izan zen, eta gero, Bizkaiko 34. hiru txirlo bola joko txapelketa jokatu zen. Irrintzi txapelketan ume zein nagusiek parte hartu zuten: 15 ume eta 7 nagusi. “Lehenengo aldiz antolatu dugu umeen irrintzi txapelketa, eta ikasturtean eskolan egindako lanketaren ondorioz lortu da hainbeste ume irrintzi lehiaketara apuntatzera”. Malen Kortabitartek irabazi zuen lehenengo saria, eta gainerako parte hartzaile guztiek liburua erosteko bonua eskuratu zuten. Bestalde, nagusien txapelketan Nerea Foruriak lortu zuen lehenengo saria, Nerea Agirrek bigarrena, eta Ainara Ituiñok hirugarrena.Â
Bizkaiko 34. Hiru Txirlo Bola joko txapelketa ere lehiatu zuten 17:00etan. Guztira 37 parte hartzaile egon ziren, eta Nekane Antak lortu zuen garaipena bederatzi txirlogaz. Jose Antonio Nuñez izan zen bigarrena, lehenengoaren txirlo berdinekin, eta Boni Plazak lortu zuen hirugarren postua 8 txirlogaz.Â

Hiru Txirlo txapelketako irabazleak.





























































































