Hogeitik hamasei: Oriok arraunaren historia berridatzi du
Oriok Eusko Label Ligako azken bi estropadak eta sailkapen orokorra irabazi ditu, Bermeon eta Portugaleten. Euskotren Liga Arraun Lagunak-ek poltsikoratu du. Igoera kanporaketei dagokienez, Santurtzi eta Chapela ariko dira hurrengo denboraldian goi mailan, gizonezkoen artean; igoera lortu duten emakumezkoen taldeak San Juan eta Donostiarra dira.

Ez dago Oriori eta Arraun Lagunak-i aurpegia erakutsiko dionik. Gipuzkoar klubek merezimendu osoz poltsikoratu dituzte, hurrenez hurren, Eusko Label eta Euskotren ligak. Donostiarrek Getarian zarratu zuten liga ibilbidea, eta hirugarrenez jarraian altxatu zuten garaikurra; Arraun Lagunak-en laugarren liga garaipena izan da aurtengoa. Oriotarrei dagokienez, asteburu honetan lehiatu dituzten azken bi estropadak, eta bietan ala bietan nahieran aritu dira. Egun arte inork sekula lortu ez duena egin dute mirotzek: hogei liga hitzorduetatik hamasei poltsikoratu dituzte.
Zapatukoa [irailak 20] mugarri polita izan zen San Nikolas-entzat. Urtebeteren ondoren, Iker Zabala entrenatzaile bermeotarra bere jaioterrira itzuli zen, baina orioren kolore beilegia defendatu asmoz. Bermeoko Banderan estropada bi egon ziren: oriotarrena eta gainontzeko guztiena. Atzaparrak erakutsi aha izan zituen aurkari bakarra denboraldi aparta egin duen Zierbena izan zen. Ziaboga bitarte, galipoek lau segundo inguruko galerari eutsi zioten, baina itzulerako beharretan Oriok ez zuen inongo areriorik eduki, eta 20.39,42ko erregistroarekin biribildu zituen lanak. Bermeoko estropadak ez zuen brakaz edota poparean planteatu zitekeen estrategiarik eduki; olatuek ababor zein istriborretik eragin zieten traineruei, eta hark lehiaketa eremua are fisikoago bihurtu zuen. Eta, aurtengo estropada gehienetan gertatu den legez, oriotarrek puntu bat gehiago eduki zuten testuinguru fisiko hartan.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Etxeko talde Bermeo-Urdaibaik ez zuen egunik onena eduki etxeko jarraitzaileen aurrean. Izan ere, ziabogara orduko, sei segundoko galerari eutsi ahal izan zion, baina itzulerako lanetan hondoratu egin zen Bou Bizkaia. Lehen txandan maisuki aritutako Getaria (20.46,24) eta ohorezko txandako Hondarribia (20.57,26) bermeotarrak baino gehiago izan ziren, eta etxekoak bosgarren postuagaz konformatu behar izan ziren (21.01,98). Hain zuzen, lehen txanda hartan Isuntzak estropada polita egin zuen; Lekittarra Bermeo-Urdaibai eta Donostiarraren denboren inguruan helmugaratu zen (21.12,98), bere txandako hirugarren, San Juanen (21.46,76) aurretik.
Bermeoko Banderak Eusko Label eta Euskotren ligetarako igoera kanporaketen lehendabiziko jardunaldia ere hartu zuen. Santurtzik (21.18,86), estreinako arraunkadatik, igoera lotuta utzi gura izan zuen, eta ia hamar segundoko arrakala zabaldu zuen Chapela galiziarrekiko (21.27,12). Emakumezkoen kanporaketaren lehen estropada estuxeago joan zen. Izan ere, lehen bi sailkatuen artean segundo bakarra egon zen. Donostiarra bizkorrena izan zen (11.45), eta jarraian helmugaratu zen San Juan (11.46,98); Zarautzek 11.49,10eko erregistroan burutu zuen estropada.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Markak hausteko baitaude.
Oriotarrek iragan udazkenean iragarritakoa berretsi zuten azken lehiaketa hitzorduan: zer edo zer historikoa egitea. Liga garaipenen langa gainditu zuten domekan [irailak 21] lehiatutako El Corte Ingles Banderan, Portugaleten, baina baita sekula lorturiko puntuazio handienaren errekorra ere. Liga erregularrak dituen 23 urteetan, klub batek ere ez du lortu mirotzek patrikaratu dituzten 234 puntuetara heltzerik. Bermeo-Urdaibai balentria da balentria horretatik hurren geratu izan dena: iaz zazpi puntu gutxiago lortu zituen. Ez hori bakarrik: Oriok Kontxa irabazi du aurten, baita Gipuzkoako, Euskadiko nahiz Espainiako txapelketak ere. Den-dena ikasturte berean.
Nerbioi baiadarreko estropada eremuan, Donostiarra izan zen ezustekoa ematen lehena. Gipuzkoarrek irteera aparta egin zuten, baina, aurkako korronteagaz, apurka-apurka indarrak galdu zituen Torrekua II-k. Ez zen garaipenaren aukerak atoan galdu zituen bakarra izan; Bou Bizkaia ere urrun azaldu zen, korronte artean mantsoago. Zierbena izan zen sendoena lehen txanpan; estropadaren buruan harrapatu zuen lehen ziaboga, baina bigarrenean akatsa egin zuen, eta mirotzek ez zioten muzin egin opari hari. Edozelan ere, galipoek ez zuten etsi, eta lauzpabost segundoko aldeari eutsi zioten.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Laugarren eta azken luzean, Orioko patroiak, Gorka Aranberri zarauztarrak, laugarren kaletik bigarrenera lekualdatu zuen San Nikolas, inori trabarik egiten ez ziolakoan eta aldeko korrontea probestu asmoz. Erabaki hark zalaparta piztu duen zierbernarren artean, baina azkenean epaileak bidezkotzat jo zuen. Oriok 19.40,30ean gelditu zuen kronoa; Zierbenak, 19.42,86an; lehen txandako garaile Getariak, 19.49,04an. Bermeotarrak bosgarrenak izan ziren, 20.00,4oko erregistroagaz, eta Lekittarra-k, ostera, estropadako azken postuan amaitu zuen, 20.36,22ko denbora eginda.
Igoera kanporaketaren lehiari dagokionez, Santurtzik bere hautagaitza berretsi zuen eta hala itsasoan, nola errekan bizkorrenak (20.04,52) direla frogatu zuten. Urte biren ondoren, Sotera goreneko mailan ariko da hurrengo urtean. Chapelak ere badu zer ospatu: lehen aldiz lehiatuko dute Eusko Label Liga. Bermeko uretan beren egitekoa erdi ziurtatuta utzi zuten, eta Nerbioiko korronte artean ez zuten barkatu, bigarren postu aparta (20.08,42) lortuz. Lehiatik kanpo geratu zena, baina, Kaiku izan zen. Emakumezkoen artean, San Juanek (10.34,04) estropada hautsi zuen bigarren zatian, eta hark igoera lortzeko balio izan zion; lanak 10.37,60an biribilduta, Donostiarrak ere kanporaketari aurre egin zion. Igoeraren atarian geratu zen, aldiz, Zarautz, 10.42,18ko denborarekin.
EUSKO LABEL LIGA
1. Orio: 234 puntu.
2. Zierbena: 200 puntu.
3. Donostiarra: 184 puntu.
4. Bermeo-Urdaibai: 175 puntu.
5. Hondarribia: 159 puntu.
6. Getaria: 159 puntu.
7. Lekittarra: 99 puntu.
8. San Juan: 97 puntu.
9. Ondarroa: 80 puntu.
10. Ares: 75 puntu.
11. Kaiku: 46 puntu.
12. Cabo: 33 puntu.
IGOERA KANPORAKETA
1. Santurtzi: 10 puntu.
2. Chapela: 8 puntu.
3. Arkote: 5 puntu.
4. Kaiku: 5 puntu.
5. Tiran: 2 puntu.
EUSKOTREN LIGA
1. Arraun Lagunak: 120 puntu.
2. Tolosaldea: 105 puntu.
3. Orio: 105 puntu.
4. Zumaia: 68 puntu.
5. Astillero: 50 puntu.
6. Hibaika: 49 puntu.
7. Donostiarra: 42 puntu.
8. Hondarribia: 37 puntu.
IGOERA KANPORAKETA
1. San Juan: 9 puntu.
2. Donostiarra: 9 puntu.
3. Zarautz: 6 puntu.
4. Chapela: 4 puntu.
5. Tiran: 2 puntu.