Alde Zaharreko eta Kamiñaldeko matrikula irakurgailu sistemaren balorazio ona egin dute
Bizilagun gehienek eta udalak balorazio ona egin dute. Urtza Alkorta Ondarroako alkatea eta Aitzol Osa udaltzainburua egon ziren bertan.

Joan den astean Kofradia Zaharrean batu ziren Kamiñaldeko eta Alde Zaharraren goiko kaleetako bizilagunak, udalagaz batera, bi kale hauetan duela urtebete eta erdi jarritako matrikula irakakurgailuen sistemari buruzko balorazioa egiteko. Hala, bizilagun gehienek zein udalak sistemaren balorazio positiboa egin dute. Balorazio bileran Urtza Alkorta alkateak eta Aitzol Osa udaltzainburuak parte hartu zuten.
Duela urtebete eta erdi jarri zituen udalak matrikula irakurgailuak, Alde Zaharreko goiko kaleetako eta Kamiñaldeko trafikoa murriztu eta bizilagunen segurtasuna handitzeko. Lehen emaitzak jaso eta urte betera, bizilagunekin balorazio bilera egiteko konpromisoa hartu, eta horrela egin zuten. Udaletik jakinarazi dutenez, bizilagun gehienek proiektuaren balorazio positiboa egin dute, eta trafikoa murriztu dela eta segurtasuna ere handiagoa dela nabarmendu dute. Honen harira, udaltzainburuak datu zehatzak eskaini zituen: “703 baimen eman dira bizilagun eta garajeetako erabiltzaileentzat, eta horiez gain, 2.650 urgentziazko baimen eman dira; hau da, 10 baimen berezi eguneko: bizilagunen urgentziazko sarrerak, gremioak, banatzaileak…”. Beraz, matrikula irakurgailu sistema ipini zenetik ibilgailuen joan-etorria erdia baino gehiago murriztu dela azaldu du udalak, %55 zehazki: “2024ko urrian %40koa zen jaitsiera hori eta 2025eko irailean, esan modura, %55ekoa”.
Osak datu gehiago jarri zituen mahaigainean: “Urtarrilaren 1etik irailaren 1era, 6.000 ibilgailu sartu dira aipatutako gunera. Horietako seitik bat (969) txarto sartu da, baimenik gabe, eta guzti horiek isuna jaso dute. Egunean sei isun ipintzen dituzte, bataz beste, matrikula irakurgailuek. Aurtengo abuztuan erabiltzaileen gorakada nabarmena egon dela ikusi dugu, eta hori ere aztertzekoa izango da datozen erronketarako”.
Ondarroako Udalak egindako balorazioaz gain, bizilagunek ere positiboki baloratu dute sistema: “Umeekin, esaterako, askoz lasaiago ibili gaitezke orain, eta nagusiok ere lasaiago ateratzen gara bidera”. Hala ere, etengabeko hobekuntzara egokitutako proiektua dela azpimarratu du Urtza Alkorta alkateak, eta bizilagunen iritziak beharrezkoak direla adierazi du: “Datuak datu, bizilagunak dira azken batean egunerokoa ikusten eta hautematen dutenak eta horregatik nahi izan genituen euren ekarpenak jaso, badakigulako sistema hobetzeko asmoz egindakoak direla”.
Bizilagunen iruzkinak. Datuak elkarbanatu ondoren, bizilagunek zenbait ekarpen egin zituzten: etxe bakoitzean bi ibilgailu baimentzea eta sarrera ere birritan egin ahal izatea, Kamiñalde eta Kalehandi gune desberdin modura planteatzea (ezaugarri desberdinak dituzten eremuak direlako), abiadura murriztaile gehiago ipintzea eta orain dagoen 10 kilometro orduko muga mantentzea eta lehentasuna markatzeko semaforo bana ipintzea Musika Plazaren aurrean eta Elizpean.
Bizilagunen ekarpenei erantzunez, Kamiñalde eta Kalehandi kaleak gune desberdin izatea udala burutze ari den Mugikortasun Planaren baitan sartu beharko dela azpimarratu du Osak. Hala ere, gainerako neurriak epe motzean martxan jartzen ahaleginduko direla azpimarratu du, “begi onez” ikusi dituztelako. “Sei hilabete barru, udaberrian, neurri berrien balorazioa eta berrazterketa egiteko beste auzo batzar bat egingo da; neurri berriak funtzionatzen duten ikusi beharko da orduan berriro ere, erabakiak hartzeko”, azaldu dute udaletik.