Andrak Erramutan talde feministak bilera irekia deitu du eguenerako
45 urtetik gorako emakumeei bilerara joateko deia egin diete. Eguenean [irailak 25] izango da hitzordua, 18:00etan, Etxelilan.

Ikasturte berria indartsu hasteko, 45 urtetik gorako emakumeei zuzendutako bilera irekia deitu du Ondarroako Andrak Erramutan talde feministak. Bilera Etxelilan izango da eguenean [irailak 25], 18:00etan. “Talde sortu genuenetik hirugarren ikasturtea izango da aurtengoa. Orain arte, emakume asko izan gara taldean, eta ezin izan dugu taldea zabaldu, ez baikeneukan baliabiderik. Beraz, aurten, gutxiago garenez, beti buruan izan dugun bezala, bilera irekia deitu dugu, 45 urtetik gorako emakumeak kirola egiteko eta aldarriak uretaratzeko aukera izan dezaten”.
Hasiera batean deialdia ondarrutarrentzako bada ere, ez dute eskualde mailara zabaltzeko ideia baztertzen. “Talde feminista garen heinean, gure helburua ez da soilik arraunean ikastea. Sasoiko emakumeok jarduna ikusarazten jarraitu nahi dugu, eta horretarako, arrauna eta trainerua erabiltzen ditugu: itsasoa hartu eta kostaldeko emakumeok sarea handitzeko eta indartzeko”.
Egueneko bilera informatiboa izango dela jakinarazi dute taldeko kideek: “Eguenean taldea aurkezteaz gain, nola antolatzen garen azalduko dugu: entrenamenduak nolakoak izango diren, zein egunetan… Gauza batzuk pentsatuta ditugu baina beste batzuk oraindik zehazteko daude”. Aurtengoa Andrak Erramutanen hirugarren ikasturtea izango da, baina aurreko bi urteetan ez bezala, aurten ez dute itsas erronkarik egingo: “Bi itsas erronka egin ditugu, bata Gipuzkoara eta bestea, Bizkaira. Nahiz eta zentzurik onenean esan, oso gogorrak egin zaizkigu biak. Izan ere, guztia antolatzen 60 lagun inguru ibili gara, eta oso zaila da; ez da jasangarria. Hala ere, guk entrenatzen jarraituko dugu, eta gauzak antolatzen, nola ez. Nahiz eta itsas erronkarik ez egin, beste zerbait antolatuko dugu, zalantzarik gabe”.
Aurreikuspenei dagokienez, ez dakite zenbat jende espero egueneko bileran: “Duela bi urte, lehenengo bilera irekia deitu genuenean 10 lagun inguru espero genituen. Gure ezusterako 60 emakume agertu ziren bilerara. Beraz, oraingoan ez dakigu zer espero”. Ikasturte berrirako gogotsu daude Andrak Erramutan talde feministako kideak, eta 45 urtetik gorako emakumeei bilerara joateko deia egin diete: “Etorri bilerara, eta jarraitu dezagun elkarrekin itsasoa hartu eta gure aldarriak txoko guztietara zabaltzen”.