Arnasa Elkartearen aldeko emanaldi sinfoniko-korala egongo da Ondarroan
Zaldupe Eskolako jolastokian egingo da emanaldia, domekan [irailak 28], 12:30ean.
Ondarroako Udalak eta Unanue udal musika eskolak antolatuta emanaldi sinfoniko-korala eskainiko diote Arnasa Elkarteari domekan [irailak 28], Zaldupe Eskolako jolastokian, 12:30ean. “Urteak daramatzagu emanaldia egiten. Irailaren 8an Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Eguna izanik, irailaren azkenengo asteburuan egiten dugu emanaldia, egunean bertan egitea ezinezkoa baita, ikasturte hasiera delako”.
Unanue udal musika eskolako orkestra, banda, trikiti eta pandero taldea eta umeen abesbatzaz gain, Ondarroako Txistulari taldeak eta Kantaizek ere parte hartuko dute. “Talde bakoitzak bi kanta joko ditu, eta amaieran, betiko moduan, Fribrosi Kistikoari egindako abestia kantatuko dugu: Bizitza arnasaldi. Arnasa Elkartekoak ere etortzen dira, eta beraien produktuen postua jartzen dute”. Antolatzaileek Zaldupe Eskolako jolastokira joateko deia egin diete herritarrei: “Publiko zabalari bideratutako emanaldia da; beraz, etorri Arnasa Elkartearen aldeko ekintzara“.