Asier Altunak 'Karmele' filma aurkeztu du Donostiako Zinemaldian
Karmele Urresti ondarrutarraren historia oinarri duen 'Karmele' filma aurkeztu du Asier Altuna zinemagileak Donostiako Zinemaldian. Bertan egon dira Txomin Letamendi eta Patxi Letamendi, Urrestiren semeak, baita Kirmen Uribe ere.

Karmele Urresti eta Txomin Letamendi senar-emazteen historian oinarrituta, Elkarrekin esnatzeko ordua liburua idatzi zuen Kirmen Uribe ondarrutarrak 2016an, eta orain, zortzi hizkuntzatara itzuli eta hainbat sari irabazi ostean, pantaila handira eraman dute historia. Izan ere, Asier Altuna zinemagileak Karmele filma aurkeztu berri du Donostiako Zinemaldian. Aktoreez gain, Txomin eta Patxi Letamendi, Urrestiren bi semeak, izan ditu alboan zuzendariak, baita Kirmen Uribe idazlea ere.
1936ko gerran Karmele Urresti erizain gaztearen familiak Ondarroatik Frantziara alde egin zuen itsasontzian. Bertan, Parisen erbesteratutako beste euskal gazte batzuk ezagutu zituen Urrestik, tartean, Txomin Letamendi jazz musikari eta militantea. Bigarren Mundu Gerra hasiberri, Venezuelara joan ziren biak, naziengandik ihesi, eta gero, Euskal Herrira bueltatu ziren, hiru seme-alabekin.
Jone Laspiur eta Eneko Sagardoyk gorpuztuko dituzte Urresti eta Letamendi, eta liburuak ez bezala, filmak, haien bizitzako epe jakin bati helduko dio. Honen arrazoiak eman ditu Asier Altunak: “Eleberriak informazio gehiegi du, amaiezina da, eta ez nuen gogorik pertsonaiak zaharrarazteko”.
Kirmen Uribe “hunkituta” gelditu da filma ikusi ondoren: “Hunkigarria izan zen aurkezpena. Victoria Eugenia Antzokia jendez beteta zegoen, ikusmin handiz baitzegoen. Txalo zaparrada luzea jaso zuen filmak eta esan didatenagatik, jendeak hunkituta amaitu zuen. Nire ustez pelikula ederra egin du Asier Altunak, bai irudi aldetik baita musika aldetik ere. Gainera, aktoreen lana ere azpimarratzekoa iruditu zait”. Hala ere, historia “gogorra” dela nabarmendu du: “Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren historia gogorra da, eta bide horretatik, filma ere bai. Urrestik eta Letamendik euskaldunak izatearen kontzientzia zeukatelako sufritu zuten sufritu zutena. Beraz, uste dut, badela euskaldunon memoriaren berreskurapenerako ariketa bat”.
Ondarroan, ikusgai. Urriaren 10etik aurrera zinema aretoetan egongo da ikusgai ‘Karmele’, eta urriaren 11n filma Ondarroan ikusteko aukera egongo da. Sarrerak aurretiaz hartu beharko dira Klik-Klak, Frias edo Alain, bost euroren truke. Egunean bertan herriko frontoian proiektatuko da filma, 20:30ean, eta euria egonez gero, kiroldegira lekualdatuko da.